Zorionak Euskadiko txapelketa irabaztearren. Esperotako garaipena?
Akaso ez genuen horrenbeste espero, baina gogotsu jokatu ditugu partidu guztiak eta oso pozik gaude azken emaitzarekin.
Zuazo, Barakaldo, Bera Bera eta Usurbil aurrez aurre. Talde indartsuak.
Bai, oso indartsuak. Eta kosta egin zitzaigun hiru lehiak irabaztea. Galtzen hasi ginen hiru partiduak, baina etxeko zaleen laguntzarekin, gai izan ginen buelta emateko. Nik neuk, oso gustura jokatu dut. Disfrutatuz eta sentsazio onekin.
Euskadiko txapelketan bikain, eta liga erregularrean ere bai.
Gu ere harrituta gaude. Iazko taldearekin alderatuta hainbat aldaketa izan ditugu, jokalari berriak... baina ez du taldearen jokoan eta martxan eragin. Liga erregularrean ez dugu partidurik galdu, Euskadiko txapelketa irabazi dugu eta horrek igoera fasea jokatzeko txartela eman digu.
Jarraian jokatuko duzuen hirugarren igoera fasea izango da.
Hala da. Emakumeen Zilarrezko Mailara igoko ginateke, mutilen Lehen Nazional Mailaren parean dagoena. Eta hor, eskubaloia askoz profesionalagoa da. Igoera lortzen badugu, konpromisoa zorrotzagoa izan beharko da: jokalarien eta zuzendaritzaren aldetik, zaleak...
Nolakoa da Zilarrezko Mailako eskubaloia?
Azkarra, oso teknikoa... Fisikoki esfortzu handiagoa eskatzen du.
Bigarren loraldia bizitzen ari zara?
Bai [barreak]. Hiru urte daramat Usurbilen. Familia bat gara. Lagun berriak egin ditut, eskubaloiarekin disfrutatzen nabil, txapelketak irabazten, lesio barik... Ezin dut gehiago eskatu. Pozik nago.
Familia bat Usurbilen eta beste bat Arrasaten. Zer moduz ikusi dituzu anaia eta Ford Mugarri aurten?
Txapelketa handia egin dute. Jokalari garrantzitsuak galdu zituen iaz, baina talde izaera mantentzea lortu dute. Lagunak dira. Pena, Basauriren kontra galdutako azken partidua.
Usurbilen eta Ford Mugarriren igoera faseak egun berberetan jokatuko dira. Zer egingo du amak?
Kasualitate hutsa izan da, baina hala gertatzen da. Etxean berba egin dugu hirurok, eta ama, Ford Mugarriko presidente izanda, anaiaren igoera fasera joango da. Baina, izango du gure fasearen berri.