Liga ahalik eta ondoen amaitzeko borrokan jarraitzen du Aloña Mendik, baina aparteko presio barik. Domekan, baina, liga irabazteko borrokan dabilen Anaitasuna liderraren bisita izango dute Igor Serranoren mutilek Azkoagainen (16:30). Oiartzunen eta Real Unionen kontra hanka sartu eta gero bazirudien lidergoa arriskuan izango zuela Azkoitiko taldeak, baina garaiz erreakzionatu dute.
Oñatiko taldeak, berriz, joan den asteko 6-2koa lehenbailehen ahaztu eta liderra estutzera zelairatuko dira.
UDAk azken aukerak
Matematikek kontrakoa esaten duten arte UDAk mailari eusteko aukerekin jarraitzen du, baina geroago eta aukera gutxiagorekin. Hala, jaitsiera postuetan dagoen Gasteizko Aurreraren kontra jokatuko dute aretxabaletarrek zapatuan Gasteizen (17:00). Emaitzekin ala kategoriari eustearekin itsutu barik, azkenaldian berdegunean erakutsitakoagatik gehiago merezi izan duten arren, motibo batengatik edo bestearengatik UDAkoek ezin izan dute partidu borobilik egin, eta joera horri buelta eman gura diote Arenazaren mutilek.
Bigarren postuaren lehia
Eta erregional preferentean, azkenik, Mondrak (53 puntu) eta Bergarak (52 puntu) bigarren postuagatik borrokan jarraitzen dute, eta ez dirudi inork amore emateko asmorik duenik, Mondrak azken bost partiduetatik bakarra galdu duelako, eta Bergarak azken bederatzi partiduetatik zortzi irabazi dituelako, eta bat berdindu.
Hala, Bergarak etxean jokatuko du zapatuan (17:00), eta Mondra Zumaiara joango da (15:45). Antzuolak, bestalde, Zestoa hartuko du etxean (zapatua, 16:30, Estala) eta Aretxabaletako bigarren taldeak Azpeitian jokatuko du bihar eguerdian (12:30).