"Basaurikoek azken segundoan egindako golari esker irabazi gintuzteten Zubikoan, eta errebantxa gogoz gaude", dio Rafa Zuluetak. "Gainera, liga honetan esan ohi da Bizkaiko taldeen kontra gaitza dela euren kantxan irabaztea, eta orain arte guztietan irabazi badugu, Basaurin ere posible da".
Zuluetak aitortu du horrek taldeari morala emango liokeela datorren urtera begira, bost garaipen segidan eskuratuta amaituko luketelako liga: "Eta aurreko bi talde horien kontra garaipen bat eskuratzea ere positiboa izango litzateke, euren mailatik gertu gaudela ikusteko".
Arrasatekoek, Gasteizen
Baina, Oñatikoek egiten dutena egiten dutela, Ford Mugarri Arrasatekoek Corazonistasen kontra jokatu beharko dute –partidu guztiak dira domekan 12:15ean–. Josu Herrerok Harmailatik saioan aitortu zuen barkaezina izango litzatekeela oñatiarrek Basaurin ezustea eman, eta eurek Gasteizen galtzea: "Niri ere pasa zait hori burutik, izan ere, kontuz Corazonistas taldearekin, oso kontrario gogorra delako. Duda barik, guk gurago dugu liga Ford Mugarrik irabaztea, baina uste dut guk egiten dugunari begira egon barik, euren partiduan kontzentratzea komeni zaiela".