Aretxabaletak hiru puntuak batzeko aukera ona galdu du gaur Ibarran. Arenazaren eta Barkeroren mutilak ondo aurreratu dira (1-0) lehenengo zatian, Ilzarbek egindako golari esker. Bigarren zatian, baina, minutu batzuetan partidua erotu egin da, eta kanpotarrek etekina atera diote egoerari. Hain zuzen, Betoño 10 jokalarirekin geratu denean –75. minutuan– egin du min handiena, lehenengo partidua berdinduta (1-1, 82. minutuan), eta ondoren partiduari buelta emanda (1-2): "Gure akatsa izan da markagailuan aurreratu garenean partidua errematatzen jakin ez izanda. Gol aukera garbiak izan ditugu, baina ez dugu asmatu", adierazi du Igor Arenazak.
Hain zuzen, partidua amaitzeko luzapeneko minutuak geratzen zirenean lortu du UDAk berdinketaren gola egitea (2-2), eta hiru puntuak poltsikoratzeko aukerak ere izan dituzte: "Baina ate aurrean ez gabiltza fin, lanean jarraitu behar".
Gol zaparrada Touringen zelaian
Aloña Mendiren bolada ona Touringen zelaian amaitu da, Igor Serranoren mutilek kolpean jaso dituzte eta sei gol (6-2). Porrot horrekin, oñatiarrek zazpigarren postura egin dute atzera, hainbat talde dabiltza eta bosgarren amaitzeko borrokan.
Mondra eta Bergara, ondo
Erregional preferentean, berriz, badirudi bigarren sailkatzeko borrokak ez duela azkenera arte etenik izango. Mondrako mutilek nagusitasunez irabazi zioten zapatuan Ilintxari (3-0). Uribesalgok, Barberok eta ostera ere Uribesalgok egin zituzten zuri-moreen aldeko golak. Baina, liga amaierara arte gainean izan behar dute Bergarakoen itzala, mahoneroek 1-3 irabazi zuten-eta zazpigarren dagoen Lagun Onaken zelaian.
Mondrako jokalariak, Ilintxaren kontra egindako gola ospatzen.
Aretxabaletako bigarren taldeak, ostera, 3-1 irabazi zion Tolosari, eta Antzuolak bana egin zuen Soraluzen.