Oñatiarren 'faborea' da liga irabazteko Arrasatekoen itxaropen bakarra

Xabier Urtzelai 2016ko api. 17a, 17:04
Josu Herreroren ezintasun keinuak erakusten du azken minutuetan Arrasateko jokalariek bizi izan dutena.

Ligako azkenaurreko jardunaldian galdu egin du Ford Mugarri Arrasatek, 25-26 orain arte bigarren zegoen Basauriren kontra. Hala, Iturripen eskuratu duten bi puntuei esker bizkaitarrak dira Euskadiko Txapelketako liderrak, baina datorren astean Izarraitz Aloña Mendikoen bisita jasoko dute: "Afariren batera gonbidatu beharko ditugu Bernal eta konpainia", adierazi du brometan Asier Valle atezainak partidu ostean. Bromak egiteko geratzen zitzaion umore apurraz. 

Igoera fasera jada sailkatuta, baina liga irabazteko itxaropenaz. Halaxe zeuden Ford Mugarri Arrasateko jokalariak Basauriren kontrako partidua hasi aurretik, gaur goizean. Ordu eta erdi geroago, baina, Basaurikoak ziren Iturripeko kantxako bazter batean liga jada irabazita izango balute moduan ospakizunetan zebiltzanak. Moreek dena eman dute kantxan, baina batzuetan ez da nahikoa, bigarren zatian Basaurikoak azken minutu erabakigarrietara freskoago iritsi direlako.

Azken segundora arte ahalegindu dira

Arrasatekoek ondo hasi dute partidua, eta hainbat goleko errenta ere eskuratu dute. Lehenengo zatian 13-11koarekin erretiratu dira, baina jakinekoa zen bigarren zatia izango zela erabakigarria. Hala, bigarren ordu erdia hastearekin batera kanpotarrek partidua berdindu egin dute (13-13), eta hainbat minutuz markagailuan parean egon eta gero kanpokoak hasi dira golak erraztasun handiagoarekin egiten. Moreek ez dute inongo momentutan amore eman, emozioari azken unera arte eusteko kapaz izan dira, kontrarioa azken segundora arte estutuz. Bi minutu on izatea, horixe behar zuten, kanpotarren jokoa haustea. Baina nekearen ondorioz hainbat jokalditan jokalariak ez dira elkar ondo ulertu, eta defentsan ere falten bidez hainbat kanporaketa izan dituzte, bi minutukoak.

Bizkaitarren defentsa lerroa haustea ez da erraza izan gaur.

Hala, Basaurikoen defentsa zulatzeko zailtasun handiekin, eta bizkaitarren eraso jokaldi azkarrak gain hartuta, azken minutura markagailuan atzetik iritsi dira. Hutsartea eskatu dute azken asperenean kontrarioa ezustean harrapatzeko, baina zazpi segundotan ihes egin du ligak.

Izarraitz Aloña Mendiren zain

Bazuten zer ospatu Basaurikoek, baina argi ibil daitezela, hirugarren dagoen eta zapatuan Urdulizi 31-30 irabazi zion Oñatiko taldeak –zelako agurra etxeko zaleen aurrean– ez duelako azken hitza esan. Hain zuzen, txantxikuek Basaurin jokatuko dute ligako azken partidua –taldeko hainbat ordezkari zeuden gaur Iturripen–, eta zaila den arren, eurak dira liderrari ezustea emateko gauza diren bakarretakoak. Zubikoan galdu egin zuten oñatiarrek, eta Arrasatekoei zeharka egin diezaioketen faborea alde batera utzita, Aloña Mendikoak errebantxa gogoz joango dira Basaurira. Bitartean, Ford Mugarri Arrasatek Gasteizen, Corazonistasen kantxan, ezin du hutsik egin. Igoera fasea, berriz, maiatzaren 12tik 15era bitartean jokatuko dute, baina oraindik zehazteke dago non.

Bergarak galdu egin du

Gipuzkoako txapelketan, berriz, jaitsiera postuetatik ahalik eta gehien urruntzeko lanean –oraindik ez dago garbi zenbat talde jaitsiko diren– atzerapausoa egin dute bergararrek asteburuan, Egiaren kontra 26-28 galduta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak