Bizente Goikoetxea, gertuago

Xabier Urtzelai 2016ko api. 17a, 15:18

Apaiz gizona izan zela bai, eta musikaria ere bai. Baina Bizente Goikoetxea zenaren gainean askoz ere gehiago jakin barik egon dira urte askoan aramaioar asko. Eta, hura hil zela 100 urte bete diren honetan, hasi dira egoera horri buelta ematen. Atzo, zapatua, herritar askok hartu zuten parte Goikoetxea omentzeko urte osoan egingo dituzten ekitaldien artean lehenengoan. Hasiera ederra eman diote mendeurreneko ospakizunei.

Atzokoa egun berezia zen aramaioar askorendako, hilabeteak egin dituztelako lanean, Bizente Goikoetxearen hil osteko 100. urteurreurrena txukun prestatzen. Eta egun berezia elgetar batendako, 1954an Goikoetxearen omenezko eskultura egin zuen Lorenzo Askasibarrendako –konponketa lanetan laguntzen ibili da–. Bada, Askasibarrek berak hasi zuen ekitaldia, eskultura azpian jarri duten plaka bertaratutakoei bistaratzen lagundu zuelako, eta Bizente Goikoetxea gogoan izateaz batera, Askasibar bera ere omentzeko balio izan zuen ekitaldiak.

Ekitaldia, Kultura etxean

Hasierako asmoa zen ekitaldi osoa Bañera parkean egitea, eskultura bera dagoen tokian, baina eguerdian euria egin zuen, eta arratsaldean ostera ere botako zuen beldurrez, dantzari gaztetxoek Aurreskua dantzatu ostean, eta Askasibarri hainbat oroigarri eman eta gero, ekitaldiak aterpean jarraitu zuen.

Herriko abesbatzak, batera

Eta ekitaldiaren bigarren zatia ere polita izan zen, aramaioarrek herritarrendako egindako emanaldia izan zelako. Larraitz Arriolabengoak pianoan, eta Manex Agirrek bertsotan, Goikoetxea zenaren bizitza gerturatu zuten. Ondoren, Lierni Altuna alkateak herritarrek egindako lana azpimarratu zuen, eta gazteleraz, Valladolidetik etorritako lagunei eskerrak eman zizkien, Goikoetxearen lana han zabaltzeko egiten dabiltzan lanagatik –Bizente Goikoetxea Valladoliden bizi izan zen–.

Igone Martinez de Luna Aldundiko kultura, euskara eta kirol diputatuak aurreratu zuen Jose Mari Velez de Mendizabalek idatzitako liburua –Bizente Goikoetxea nor izan zen azaltzen lagunduko duena– urrian argitaratuko dutela. Eta, ondoren abesbatzen txanda etorri zen: Elai gazte abesbatzaren, Papargorriko gaztetxoen eta Bizente Goikoetxea Abesbatzaren emanaldiarekin. Aretoa goraino bete zen emanaldia ikusteko, eta lunchean ere kantuan egin zuten, baina oraingoan herritarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak