Junior mailako Uzarragako igoera korritu zuten atzo, zapatua. Xabi Murgiondo Ulma taldeko oñatiarra (01:58:48) izan zen garaile Uzarragako gainean, Autonervion-renault taldeko Iñigo Elosegi (01:59:00) eta El Proex-Iturriberoko Eneko Martinezen (01:59:05) aurretik. Murgiondoren taldekide Mikel Arregi antzuolarrak ere lasterketa ona egin zuen eta 12. postuan sailkatu zen (01:59:51).
Aurrean 15 bat txirrindulariko taldetxoa osatu zen eta Ulma taldeko bi txirrindulari zeuden bertan: Murgiondo eta Arregi. Azken hau faboritoetako bat zela ikusita, Murgiondok ihes egitea adostu zuten biek eta halaxe izan zen. Uzarragako mendatea hasi baino lehen, Antzuola inguruan, Murgiondok taldetxoa atzean utzi eta 30 bat segundoko aldea ireki zuen. Igoera on bat eginda, tarte hori mantentzea lortu zuen eta garaipena berarentzat izan zen.
Lasterketa 16:00etan hastekoa zen, baina 15:00ak inguruan Antzuola eta Bergara arteko errepidean bi autok elkar jo zuten eta horrek lasterketaren hasiera atzeratu zuen. 16:20ak inguruan eman zitzaion hasiera lasterketari, Antzuolan.