Inaugurazio ekitaldian lagun eta ezagun dezente gerturatu zela aipatu du margolari Elgetarrak. Izan ere, Alberdik pintore moduan lotura handia izan du Bergararekin. Esan duenez, Barrenkaleko aretoa "toki ona" da, bertan erakusgai dagoena jendeari errazago heltzen baitzaio.
Bestalde, nabarmendu du atzoko mostra "zerbait desberdina" izan zela. Izan ere, margo guztiak berriak dira, azken urtean eginikoak gehienak, eta abstraktuak. Jendearengan zelako harrera izan duen galdetuta, Alberdik dio "lagunendako beti dena ondo" dagoela, baina azpimarratu du, abstraktuak izatera, norberak bere ondorioak eta bere iritzia atera behar duela, eta desberdina izango dela ziurrenik batarena eta bestearena.