Etxetresnen Renove plana hasiko da maiatzean, 1.000.000 euroko aurrekontuarekin

Leire Kortabarria 2016ko api. 15a, 15:49
Etxetresnak sukalde baten (argazkia: Goedeker's).

Energia eta ingurumen aldetik eraginkorrak diren etxetresnak erosteko diru laguntzak emango ditu Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen bitartez. Renove plan hori maiatzean hasiko da, eta gaur, egubakoitza, iragarri dute. Milioi bateko aurrekontua du, eta diru laguntzak emango dira aurrekontua bukatu arte.

Renove plan hori energia eraginkortasuna hobetzeko neurri sorta baten barruan dago. Guztira, 10 milioi euro emango dituzte diru laguntzatan, 2016an.

Diru horren bidez, zenbait sektoretan energia eraginkortasuna hobetzeko 1.100 proiektu baino gehiago bultzatuko dira, 14.000 etxetresna elektriko ordezkatuko dira, eta horien ordez eraginkortasun handikoak merkaturatzen lagunduko da eta energia berriztagarrien alorreko 170 instalazio berri egiteko aukera emango da. Horri guztiari esker, ekitaldi honetan, Euskadin urtebetean kontsumitzen den energia guztiaren %0,5en baliokidea aurreztuko da energian.  

Aurreikuspenen arabera, diru laguntza horiek 60 milioi euro inguruko inbertsioak eragingo dituzte teknologian, eraginkortasun handiko ekipamenduen erosketan eta energiari eta instalazioei lotutako zerbitzuetan. Horrek guztiak, gainera, lagundu egingo du hainbat merkatu dinamizatzen eta hornikuntza-eragileren jarduna.

Aurreikusitakoaren arabera, oro har, 30.000 tep (tona petrolio baliokide) aurreztuko dira, Euskadin, urtean, kontsumitzen den energiaren %0,5, hain zuzen ere.

Diru laguntzen programak gaur, apirilaren 15ean, argitaratu dira Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian. Beraz, indarrean egongo dira bihartik aurrera, Toki Administrazioarena eta Etxetresna Elektrikoen Renove Plana izan ezik; izan ere, uztailaren 1ean eta maiatzaren 2an argitaratuko dira, hurrenez hurren. Etxetresnei dagokienez, datozen 15 egunean erregistro bat eratuko da, Renove Planean alta eman ahal izateko saltokietako arduradunek, maiatzaren 2an salmentak deskontuekin egiteko aukera emango diena.

Energia eraginkortasunaren hobekuntza

Energia eraginkortasunaren arloan aurreikusten diren sektoreak eta neurriak hauexek dira:

Etxetresna Elektrikoen Renove Plana
Programa honen helburua da eraginkortasun handiko ekipamenduak zabaltzea edo sarraraztea etxebizitzetan; batez ere, linea zurikoak izenez ezagutzen diren etxetresna elektrikoak (hozkailuak, izozkailuak, garbigailuak eta ontzi-garbigailuak). Horretarako, 80 euroz lagunduko da energia kalifikazio handiena (A+++) duten etxetresna elektrikoen erosketa, eta 65 euroz A++ energia kalifikazioa duten etxetresnak.

Aurten, berrikuntza moduan, indukziozko plakak eta A+ energia kalifikazioa duten labeak erosteko diru laguntzak emango dira; zehazki, 65 euro. Era berean, A+++ kalifikazioa duten lehorgailuak ere 80 euroz lagunduko dira diruz.

Diruz lagunduko diren etxetresna elektrikoak

  • Hozkailua eta hozkailu-izozkailua, A+++ energia-eraginkortasun mailarekin: 80€
  • Izozkailua, A+++ energia-eraginkortasun mailarekin: 80€
  • Garbigailua, A+++ energia-eraginkortasun mailarekin: 80€
  • Ontzi-garbigailua, A+++ energia-eraginkortasun mailarekin: 80€
  • Lehorgailua, A+++ energia-eraginkortasun mailarekin: 80€
  • Hozkailua eta hozkailu-izozkailua, A++ energia-eraginkortasun mailarekin: 65€
  • Izozkailua, A++ energia-eraginkortasun mailarekin: 65€
  • Garbigailua, A++ energia-eraginkortasun mailarekin: 65€
  • Ontzi-garbigailua, A++ energia-eraginkortasun mailarekin: 65€
  • Lehorgailua, A+++ energia-eraginkortasun mailarekin: 65€
  • Indukziozko plaka: 65€
  • Labea, A+ energia-eraginkortasun mailarekin: 65€


Industria
Programak 2,8 milioi euroko aurrekontua du, ekitaldi honetan diru gehien izango duen programa izanik. Diru horretaz baliatuta, 300 proiektu edo jarduera bultzatuko dira.

Hirugarren alorra
Hirugarren alorrean (merkataritza, eraikinak eta abar) 1,9 milioi euro emango dira diru laguntzetan, honako hauei begira: instalazio eta eraikinen energia eraginkortasuna hobetzeari, baterako sorkuntza sistemen ezarpenari eta energia auditoriak egiteari. 200 bat proiektu diruz laguntzea aurreikusten da.

Toki administrazioak
Iaz Eusko Jaurlaritzak onetsitako Euskadiko Sektore Publikoaren Energia Iraunkortasun Dekretuaren helburuekin bat etorriz, tokian tokiko administrazioen energia egoera hobetzeko proiektuek 1,1 milioi euroren diru laguntza izango dute. Diruz lagunduko diren egitasmoak hauexek dira: argiteria publikoa, udal instalazio eta eraikinen barruko argiteria (kiroldegiak eta erabilera publikoa duten beste eraikin batzuk), klimatizazioaren inguruko proiektuak, inguratzaile termikoari lotutakoak eta kontsumoak monitorizatzeko jarduerak. Horietaz gain, ura berotzeko eguzki-instalazio termiko txikietan inbertsioak ere diruz lagunduko dira. Guztira, 140 proiektu baino gehiago lagunduko dira diruz.

Garraioa
900.000 euro bideratuko dira 500 jarduera inguru aurrera eramateko, garraioan jatorri fosila duten erregaiak murrizteari begira eta energia alternatiboez elikatzen diren ibilgailuak eta egitasmoak sustatzeko.

Energia Zerbitzu Enpresak
Energia zerbitzu enpresekin (ESE) egingo diren kontratuen bidezko jarduerak sustatzera 600.000 euro bideratuko dira.

Energia berriztagarriak
Ustiapen berriztagarri txikiak sustatzeko, 1,7 milioi bideratuko dira.  Orotara, 170 proiektu berri diruz laguntzea aurreikusten da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak