Errenta kanpainaren saldoa -125 milioikoa izango da, iazkoa 5 milioitan hobetuz

Leire Kortabarria 2016ko api. 15a, 13:57
Jabier Larrañaga eta Jokin Perona, Errenta Aitorpen kanpainaren aurkezpenean.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza departamentuak lurraldeko zergadunei 299 milioi euro itzultzea aurreikusten du 2015eko Errentaren Aitorpenaren kanpainan eta, estimazio berberen arabera, 173 milioi bilduko ditu. Horrela, kanpainaren saldoa -125 milioi eurokoa izango da, pasa den urtekoa 5 milioi eurotan hobetuz. Gaur egin dute kanpainaren aurkezpen ofiziala, Donostian. Era berean, gaur, egubakoitza, hasten da errenta mekanizaturako hitzordua hartzeko epea.

Aitorpenen ia %75 (280.000 aitorpen) Ogasunak zergadunei itzultzera izango direla espero da, eta gainerako %25ak (95.000 aitorpen), ordaintzera.

Ogasun eta Finantza foru diputatua, Jabier Larrañaga; Ogasuneko foru zuzendaria, Jokin Perona; eta Zerga Kudeaketako zuzendariordea, Yolanda Dominguez, Donostian agertu dira gaur, apirilak 15, kanpainaren nondik norakoen berri emateko. Betiere aurreikuspenen arabera, 375.000 aitorpen aurkeztuko dira 2015eko Errentaren kanpainan, eta ia %60 autolikidazio proposamenen bitartez aurkeztea espero da.

Zergen diruarekin zer egiten den azalduko dute

Larrañagak, aurkezpenean, kanpainan lanean dabiltzan Ogasuneko 120 langileen lanaren kalitatea eta esperientzia nabarmendu ditu. Pasa den urteko kanpainan 29.747 telefono dei jaso zirela azaldu du Larrañagak (zailtasun ertain edo handiko kontsultak eta proposamenak onartzeko), “eta 44 izan ezik, beste guztiak lehenengoan erantzun ziren”.

Alderdi komunikatiboan, Ogasunak bidaltzen duen aitorpenaren likidazioarekin, diru-bilketan jasotakoa nola banatzen den azaltzen duen infografia banatuko da. Diputatuak azaldu duenez, gainera, Aldundiak panel informatiboen erakusketa ibiltaria antolatuko du, Errentaren kanpaina martxan den bitartean herriz herri ibiliko dena eta erakundeak baliabideak nora bideratzen dituen grafikoki islatzen duena. Azkenik, etxez etxe banatuko den Guztion Gipuzkoa aldizkariaren lehen aleak ere Aldundiak dirua programaz-programa nola banatzen duen azalduko du.

Iaz baino %4,9 proposamen gehiago

Aurten, Peronak azaldu duenez, 250.611 autolikidazio proposamen bidali dira, joan den urtean baino 11.800 gehiago (+%4,9). Guztira, 302.725 zergaduni eragiten die. Foru zuzendariak datuaren garrantzia azpimarratu du eta esparru honetan urtetik urtera ematen den hobekuntzak zergadunen erosotasunean eta zerbitzuaren kalitatean duen eragin zuzena azpimarratu ditu.

Errenta mekanizatuari dagokionez, gaurtik aurrera posible da aitorpena egiteko hitzordua hartzea eta astelehenetik aurrera bulegoak martxan izango dira. Autolikidazio proposamena jaso dutenek baina ados ez daudenei, berriz, martitzenean irekiko zaie bulegoetan hitzordua eskatzeko epea. Peronak azpimarratu duenez, aurtengo Errentaren kanpainan ez dago berritasun nabarmenik araudiaren ikuspegitik eta aurreko urteko tarifak mantentzen direla gogoratu du.

Aberastasunen zergarekin, 2,7 milioi

Aberastasuna eta Fortuna Handien gaineko zergari dagokionez, 2,7 milioi gehiago jasotzea aurreikusten da, hau da, 61,7 milioi euroko diru-bilketa. Puntu honetan nabarmentzekoa da araudiak aurkezten dituen berritasunak, 6/2015 Foru Arauaren onarpenaren eraginez: ekonomia jarduerari lotutako elementuak eta enpresetako partaidetzak salbuetsita geratu dira, tarifa berriak daude eta ondasun higiezinen balorazioa aldatu da. Aldaketa hauen ondorioz, aitorpen kopurua jaitsi egingo dela aurreikusten da, baina zergadunek ordaintzen duten batez bestekoa, igo. Beraz, ez da espero aldaketak inpaktu negatiborik izango duenik diru-bilketan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak