Danobat Taldeko buru Iñigo Uzin izango da Mondragon Taldeko presidente berria

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko api. 15a, 12:41
Iñigo Ucin.

Javier Sotilen lekukoa hartuko du Mondragon Taldeko presidente gisa, abuztuaren 1etik aurrera.

Mondragoneko Kongresu Kooperatiboko Batzorde Iraunkorrak, Javier Goienetxeak presidituta, Iñigo Ucin izendatzea erabaki du, kide guztien adostasunaz, Mondragon Korporazioko Kontseilu Orokorreko hurrengo lehendakaria izateko.

Ucinek datorren abuztuaren 1ean hartuko dio lekukoa karguan Javier Sotili, azken honek erretiroa hartuko baitu Mondragoneko Kontseilu Orokorreko agintaldia amaitzen duenean.

Iñigo Ucin Azkoitian jaio zen, 1960an, eta Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziatua da Deustuko Unibertsitatetik. Berrikuntzaren Kudeaketari buruzko master programa bat ere egin du (Deustuko Unibertsitatea).

Ibilbide profesionala

Bere ibilbide profesionala Danobatgroupi lotuta dago, bertan hasi baitzen makina-erremintako Izarraitz enpresan finantza zuzendari lanetan, eta Giza Baliabideetako zuzendaria ere izan zen. Izarraitz Danobaten sartu zenean, Iñigo Ucin xurgatutako enpresaren produktuaren Negozio Unitateko zuzendari izendatu zuten, eta zeregin horrekin batera Danobatgroupeko controller lanak ere egiten zituen.

1998an Danobat kooperatibako gerente izendatu zuten, eta ondoren, 2012ko irailean, Mondragoneko Makina-Erremintaren Dibisioko lehendakariorde. Halaber, 2015eko ekainaz geroztik, kargu hori eta Industria Automatizazioko Dibisioko lehendakariordetza bateratu zituen.

Horrez gain, gaur egun Mondragon Unibertsitateko Kontseilu Errektoreko lehendakaria da. Bere ibilbidea oso lotuta egon da makina-erremintaren sektoreari, eta arlo horretan izan duen bilakaera nazioartekotzeko eta berritzeko estrategien inguruan mugitu da. Horrenbestez, bere profilaren ezaugarria da nazioarteko merkatuetan lehiatu beharrari dagokionez ezagutza praktiko handia duen zuzendari bat dela. Era berean, bere ibilbidean nabarmentzen da berrikuntzaren alde eman duen bultzada pertsonala ere, makina-erreminta bezalako merkatu lehiakor batean.

Iñigo Ucinek datorren abuztuaren 1ean hartuko du taldearen lehendakaritza, Korporazioak uztailaren 20an egingo duen urteko Kongresuaren ondoren, zeinean bi ponentzia eztabaidatuko diren, bat “Etorkizuneko MONDRAGON” lantzeko eta bestea taldearen 2017-2020 ziklo estrategikoko Politika Sozioenpresariala garatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak