Fitch agentziak Gipuzkoaren ‘A’ kalifikazioa berretsi du

Leire Kortabarria 2016ko api. 16a, 08:00

Fitch Ratings agentziak Gipuzkoako zorraren ‘A’ kalifikazioa berretsi du, aurreikuspen egonkorrarekin.

Rating entitateak lurraldeak zerga arloan duen autonomia nabarmendu du kalifikazioa Espainiarenaren (BBB+) gainetik mantentzeko, eskumen horiek “Konstituzioan aitortuta” daudela azpimarratuz eta horrek “alde bakarreko interferentzia subiranoak” arintzen dituelako.

Notak, Fitch-en arabera, “Gipuzkoaren estatus berezia, profil sozioekonomiko indartsua, frogatutako abilezia etekin operatibo egonkorra mantentzeko eta zorraren estaldura ratio sendoa” jasotzen ditu.

Gastuaren kontrolean eta sarrerak hazteko abilidadea, alde batetik, eta defizit operatibo eta orokorra ekiditekoa, bestetik, aldeko puntuak dira baita ere entitatearen arabera. Etorkizunera begira ere, egonkor ikusten du agertokia rating agentziak lurraldearentzat. “Gipuzkoa lurralde aberatsa da Estatuko eta nazioarteko irizpide denen arabera”, azaltzen du.

"Autogobernuaren aitorpena da"

Ogasun eta Finantza foru diputatuak, Jabier Larrañagak, begi onez hartu du berria. Kalifikazioa, nabarmendu duenez, “lurraldearen autogobernuari eta honek eskaintzen dituen abantailei aitorpena da”. “Fitch agentziak, beste hainbat konturen artean, Gipuzkoaren kudeaketa zuhurra azpimarratu du kalifikazioaren azalpenean, norabide egokian goazenaren seinale”, esan du. Aurrera begira, Larrañaga “zuhurtziaz” lanean jarraitzearen alde agertu da, hau baita “egin dezakegun onena” maila honetako kalifikazio eta aitorpenak jasotzen jarraitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak