Oroimen historikoaren arloan argitzeke dauden eremuak identifikatzeko bi proiektu berri

Josu Bilbao 2016ko api. 13a, 12:20
Bi proiektuen aurkezpena, Donostian.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aranzadi eta Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean, lurraldean oroimen historikoaren arloan burututako ekintzen mapa eta Izen Guztiak, 1936-1945 aldian errepresaliatuen datu-basea, osatu ditu.

Diputatu nagusiak, Markel Olanok, elkarte memorialistek orain arte egindako lanari aitorpena egin du, eta bi egitasmo hauek bide horretan osagarri direla azaldu du. "Oraindik badaude esparru ilunak oroimen historikoaren arloan, sakondu beharreko esparruak, eta proiektu hauek motibazio iturri behar dute lanean jarraitzeko", adierazi du.

Bi ekimenak gaur arratsaldean Donostian burutu den ekitaldi batean aurkeztu dira. Bertan, Olanorekin batera, ikerketen egileak eta Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubidetako zuzendaria, Maribel Vaquero, egon dira. Diputatu nagusiak nabarmendu duenez, ikerketak modu zientifikoan eta era ordenatuan egin dira, baina lan hauen atzean dagoen “bihotza” azpimarratu du: "Egondako urraketak eta egia osoa azaleratzea dute ekimen guzti hauek jomuga, gizarte bezala demokrazia sendoago bat izan dezagun".

Gipuzkoako memori historikoko ekimenen mapa 2015eko udazkenean abian jarritako proiektua da eta lurraldean arlo honetan egindako lanak jaso eta ezagutaraztea ditu xede. Ekimena Aranzadik garatu du eta helburu bikoitza du: batetik orain arte alor honetan egin diren ekimenen inbentarioa egin eta, bestetik, Bizikidetzako zuzendaritzaren lan ildoak hautematen diren hutsunetara bideratu. Vaqueroren hitzetan, "orain arte zer egin den jakin, egindakoaren mapa osatu, eta egiteke dagoena ezarri eta lehenetsi, hau da, egia ezagutzeko zer egin behar den planifikatu".

Izen Guztiak proiektua, bere aldetik, Eusko Ikaskuntzako Pedro Barruso eta Aranzadiko Elisa Querejetak burutu dute. Azken urteetan egin diren ikerketak oinarri hartuta eta kontrastatutako informazio dokumentala erabiliz, 1936 eta 1945 artean errepresaliatutako gipuzkoarren datu-basea eratu dute. Egileen esanetan, pertsona eta izen guztiak bildu ahal izateko "lehen pausua" da eta "elkarte memorialisten lanak ere datu-basea osatzeko balioko dute".

Zehazki, 10.881 hildako, atxilotutako, torturatutako… pertsonen izenak jaso dituzte ikertzaileek baina, nabarmendu dutenez, bai Izen Guztiak zein ekimenen mapa bizirik eta irekita dauden proiektuak dira: "Amaitu gabeko datu-baseak dira, datozen urteetan ekarpenak jaso eta osatuz joango garenak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak