Martxoaren 16an egin zuten mutualistek batzar orokorra, Donostiako Kursaalen. Kontseilu Errektoreak proposatuta, estatutuak eta erregelamenduak aldatu ziren. Gehienek zerikusia zuten EPSVen legedia berrira egokitzearekin. Eusko Jaurlaritzak 2015ean onartu zuen 2012ko EPSVen gaineko legea garatzeko erregelamendua, eta berau 2016ko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean.
Bestalde, Kontseilu Errektoreak kooperatibaren barne-funtzionamenduari dagozkion beste aldaketa batzuk proposatu zituen, hala nola LagunAroren batzar orokorrerako kooperatibek konpromisarioak aukeratzearen gainekoak, kontseilu errektorearen osaketa, inbertsioen batzordea eta LagunArok estaltzen duen osasun asistentziaren onuradun orokorraren figura.
924 lagun joan ziren batzarrera. 2015eko kontuak eta 2016ko Kudeaketa Plana onartu zituzten.
Etekinak, testuinguru konplikatuan
Kontuei dagokienez, %5,34ko errentagarritasuna lortu zuen LagunArok iaz, aurreikusitakoa (%4,04) baino askoz gehiago. Entitatearen pentsio sistemari dagokionez, inbertsioen kudeaketak etekin finantzarioak ekarri zituen, eta horiek aurreikusi baino hobeak izan ziren; hori dena, “merkatu finantzarioen oso testuinguru konplikatuan”, kooperatibako arduradunek esan zutenez. 2013 eta 2014an bezala, batzar orokorra erabaki zuen mutualistei ezarri beharreko interes teknikoa murriztea, horrela sistemaren indarra eta zuhurtasuna ziurtatzeko.
Birkokatze asko
Bazkideei dagokienez, 2015a ondo baloratu du batzar orokorrak, izan ere, behin-behineko birkokatze asko egin dira, horrela langabeziaren eragina arinduz, eta behin betiko soluzioak kudeatzen jarraitu du kooperatibak, horrela langabezia eta likidazio espedienteen eraginpean dauden kooperatibisten egoera konplikatuari lagunduz. Hala, 2014 bukaeran, 957 bazkide zeuden behin-behinekoz birkokatuta, eta 2015ean, 809; 84 zeuden barne-birkokatze egoeran, eta iaz, 50; 2014an, 255 zeuden lanik gabe, eta iaz, 120.
2015ko alde negatiboa Aldi Bateko Ezintasun prestazioa izan zen, aurreko urtearekiko hazi egin baitzen, absentismo tasa bezalaxe. 2015ean , absentismoa %4,75koa izan da, eta 2014an, %4,66koa izan zen.