Hala, inork gutxik espero du liderraren –Amaikak Bat– txakalaldi bat, eta liga amaitzeko sei jardunaldi geratzen badira ere, debatarrek duten zortzi puntuko (58) aldeak gaindiezina dirudi, batez ere urte osoan ez dutelako makalaldirik erakutsi. Bigarren postuak, baina, saria izan dezake, igoera fasea jokatzea, eta sari horrengatik borrokatuko dira Bergara eta Mondra Agorrosinen.
Kategoria berean, jaitsiera postuetan murgilduta dauden Antzuolak eta Usurbilek elkarren kontra jokatuko dute Estalan. Eta, Aretxabaletak Urkomendiren zelaian jokatuko du.
UDA, moralki 'ukituta'
Aretxabaletak geroago eta zailago du kategoriari eustea, baina jokalariak geratzen diren sei partiduei begira egon barik, asterokoarekin jarraitzen dute. Halaxe aitortu zuen Igor Arenaza entrenatzaileak domekan, Pasaiaren kontrako partidua galdu berritan: "Geratzen diren partiduei begira egongo bagina ez genuke gauza onik egingo. Hobe astero-astero joatea, horretan zentratzea, eta oraingo astean Baskonia izango dugu kontrario, domeka goizean (11:30)". Aretxabaletarrek zigor gogorra jaso zuten domekan, ez zuten halakorik merezi (1-2) partidua irabazteko nahikoa meritu egin zutelako. Baina, detaile txikietan joan zitzaien partidua, denboraldian zehar hainbatetan pasa zaien moduan: "Garaipen bat behar dugu moralki ostera ere gora egiteko. Taldea oso ondo entrenatzen dabil, gustura gaude jokalariak egiten dabiltzan lanarekin, baina hutsegite txikiak oso garesti ordaindu ditugu, eta halakoak saihesteko egin beharko dugu lan, ez zaigu besterik geratzen"
Aloña Mendik badu zer esan
Ohorezko erregionalean, ostera, Aloña Mendik ez du azken hitza esan. Sailkapenaren erdi-erdian dagoen Hondarribiaren bisita izango dute domekan etxean. Orain momentuan seigarren daude (43 puntu), eta hainbat talde daude bosgarren postuagatik borrokan, tartean, Ostadar (43), Hernani (43) eta Oiartzun (42).