Euskal giroan jolasten aritu dira eskualdeko ikastoletako 266 ikasle

Sokatira, zaku lasterketak, txingak, lokotsak, toka, hiru txirlo, soka saltoa… Halako eta bestelako kirol jardueratan aritu dira Arizmendi, Aranzadi eta Txantxiku ikastoletako neska-mutikoak Oñatin.

Atzo, eguaztena, egin zuten Euskal Giroan Jolasten ekimenaren bigarren edizioa. Iaz Arrasaten egin zuten eta datorren urtean Bergarako Aranzadiri egokituko zaio.

Ikasleen eta ikastolen arteko harremanak lantzea du helburu ekimenak.

Derrigorezko eskolaldirako Ikastolen oinarrizko currikulumean, Euskal jolas eta jokoen alorrean, ondorengo konpetentzia espezifikoa zedarritzen da: "Euskal jolas eta jokoak ezagutu, horien gizarte eta kultur esanahiaz jabetu, egoki egiten saiatu, emozioak eta sentipenak ulertu eta adierazi".

Hortaz, proposatzen den eskualde mailako Euskal Giroan Jolasten ekimena saiakera bat da "ikaslearen ingurune soziokulturalean abiatuz, bizi duen ingurune hori modu aberatsean ulertu, interpretatu eta integratzeko" diote ikastoletako antolatzaileek.

Hala, ikasleen autonomia —haiek antolatu behar dutelako— jokoak landu eta gunez gune mugitu behar dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.