Bergara aldetik (Osintxu) sartuko dira ziklistak Debagoienean (13:15); gero, Elorregitik Arrasateko saihesbidera joko dute, eta Aretxabaletara sartuko dira. Han hasiko dituzte Untzillako maldak; 13:45 aldera izango dira gainean. Hura jaitsi ostean, Aramaiorantz hartuko dute, eta Kruzetako gaina pasatuko dute 14:00etan. Handik helmugara 118 kilometro geratuko zaizkie.
Atzo, astelehena, Astana taldeko Luis Leon Sanchez murtziarrak irabazi zuen lehen etapa, Markina-Xemeinen. Faborito guztiak sartu ziren denbora berean; izan ere, luzea da faboritoen zerrenda: Contador, Quintana, Pinot, Aru, Sergio Henao, Joaquim Rodriguez, Simon Yates, Spilak, Mollema... Goi mailako izenak, goi mailako ibilbidean egurra emateko gertu.
Bosgarren etapan ere pasatuko da Itzulia ibarretik, egubakoitzean; eta zapatuan amaituko da, 16,5 kilometroko erlojupekoarekin, Eibarren.