Aurtengo pertsona fisikoen errenta aitorpena eta aberastasunaren aitorpena arautzen ditu esandako testuak, eta ohiko prozedurez gain, aurten onartu diren berritasunak batzen ditu. Besteak beste, langabeziagatik jasotzen den prestazio bakarrari dagokion salbuespenean, orain ez da exijitzen jarduerari bost urtean eustea, baldin eta epe hori ez bada betetzen enpresa konkurtso prozedura baten ondorioz likidatzeagatik. Salbuespen horretan sartzen dira desegin diren kooperatibetako bazkide langileei eta lan-bazkideei onartu zaizkien diru-laguntzak, haien helburua langileak behin betiko birkokatzea baldin bada. Aldaketa hori 2014ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin sartu da, hau da, atzera begirako eragina du.
Higiezinen etekinei buruzko zuzenketa egin daiteke
Bestalde, PFEZaren zein aberastasunaren zergaren autolikidazioak aurkezteko eta ordaintzeko kudeaketa ere arautzen du foru arauak. Hala, orain arteko hiru modalitateek jarraitzen dute -autolikidazioa, mekanizatua eta Internetezkoa. Berritasun pare bat ere badago arlo honetan: hala, PFEZa autolikidatzeko, proposamenean zuzenketak egin ditzake zergadunak hura onartu aurretik, orain arte bezala, baina, aurtengo kanpainan lehenengo aldiz, zergadunak aukera du ere kapital higiezinaren etekinei buruzko datuak zuzentzeko, etekin horiek errenta orokorra eratzen dutenean (lokalak eta denboraldiko etxebizitzak).
Egin daitezkeen gainerako zuzenketak datu hauen gainekoak dira: aurrezpenaren errenta diren kapital higiezinaren etekinak, batetik; eta honako kenkari hauei dagozkien datuak: ohiko etxebizitzaren alokairua, mezenasgoa eta langileen sindikatuei ordaindutako kuotena.
Bigarren berritasuna da 2016ko apirilaren 1etik aurrera hainbat subjektu behartuta daudela autolikidazioak modu elektronikoan aurkeztera.
Etengabe eguneratzen
Foru Ogasunak errenta aitorpenari dagokion web orria eguneratzen jarraitzen du. Apirilaren 1a ezkero, kontsultatu daiteke norberak autolikidazio proposamena jaso behar duen edo ez (proposamena bera apirilaren 6an ipiniko dute webgunean), eta gainerako arauak eta epeak ere bertan daude ikusgai.