El Idealista webgune espezializatuak egindako txostenak erabilitako etxebizitzaren salneurrien eboluzioa jasotzen du hainbat esparrutan. Tartean, Debagoieneko bi herritan izandako eboluzioa jasotzen du: Arrasate eta Bergara.
Arrasaten, 2015eko martxoan, erabilitako etxebizitzaren m2 bakoitzak, batez beste, 1.666 euroko prezioa zuen, eta aurtengoan, 1.607 eurokoa izan du. Iaztik hona, %3,5 merkatu da 2. eskuko etxebizitza, eta 2015eko azken hiruhilekotik bukatu berri den honetara, %0,4.
Are deigarriagoa da Bergararen kasua; herri horretan, 2015eko martxoan, 1.955 eurotan zegoen m2 bakoitza, batez beste, eta aurtengoan, 1.706 eurotan, hau da, %12,7ko jaitsiera. Hiruhileko batetik bestera, %2,7 merkatu da prezioa.
Euskadiko batez bestekoak hauek dira: 2015eko martxoan: 2.632 euro/m2; aurtengoan: 2.552 euro/m2; urte arteko bariazioa: -%3; hiruhileko artekoa: -%0,6.
Garestiena, Zarautz
Gasteizen, iaztik hona %5,2 jausi da metro koadroaren salneurria, baina joan den hiruhilekotik bukatu berri den honetara %0,2 igo da. Donostian, 3.894 eurotan dago m2 bakoitza, batez beste; iaztik hona %3,4 berbaliotu da, eta joan den hiruhilekotik, %1,4. Aztertzen diren Gipuzkoako herrietatik, m2 garestiena Zarautzen dago: 4.345 euro m2 bakoitzeko. Bilbon, 2.776 eurotan saltzen da m2 bakoitza; iaztik hona, %1,1eko jaitsiera, baina joan den hiruhilekotik, %0,6ko igoera.
Estatuan, metro koadroa 1.552 eurotan saltzen zen martxo bukaeran. Urte arteko bariazioa -%2,8 da, eta hiruhileko artekoa, %-0,7. Dena dela, alde handiak daude zonalde batzuetatik beste batzuetara; Madrilen, Bartzelonan, Valentzian, Sevillan eta Valladoliden, prezioak igo egin dira.