Munduko kontalari onenetako batzuk izango dira Arrasaten eta Oñatin

Leire Kortabarria 2016ko mar. 30a, 15:40
Kamel Zouaoui.

Munduko Kontu Kontalariak nazioarteko jaialdiaren zirkuituan sartu da lehenengo aldiz Oñatiko liburutegia. Arrasateko liburutegia ere barruan dago. Munduko ipuin kontalari onenetariko batzuk izango dira Debagoienean.

Apirilaren 6an, Oñatiko liburutegian, May Gorostiaga (Euskal Herria) eta Kamel Zouaoui (Frantzia-Aljeria) kontalariek saioa egingo dute, 19:00etan.

Zouaoui antzezle eta kontalaria, Frantziako Saint-Etienne-n jaioa, oso ezaguna da Nasredine Hodja izeneko pertsonaiaren inguruko trilogia sortzeagatik. Munduko ipuin kontalari onenetarikoen artean dago, adituen esanetan. Zouaoui errotik da humanista, eta konpromisoa du antzeztearen artea transmititzeko eta gazteekin jendartearen jatorriez hitz egiteko. Nasredine Hodja pertsonaiaren munduan barrena bidaiatzeko gonbidapena da bere saioa; pertsonaia hura Islamaren pentsalari ospetsua izan zen XIII. mendean.

May Gorostiagak, Bea Larrañagarekin batera, Intujai Teatro proiektua osatzen du. Ahozko Narrazioaren zale, Ahoz-Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia antolatzen dute urtero.

Arrasaten, bi emanaldi

Arrasaten ere emanaldia egingo du Kamel Zouaouik apirilaren 8an, egubakoitza, Kultur Aten, 11:00etan. Egun berean, 19:00etan, Jokin Zaitegi aretoan, Bonai Capote (Ekuatore Ginea), Sandra Rossi (Argentina) eta May Gorostiagaren emanaldia izango da.

Bonai Capotek bere herriaren hizkuntza eta kulturan oinarritutako kontakizuna egiten du: Ancestros. Bioko Ugarteko (Ekuatore Ginea) Bubi etniaren ipuinez eta kantuz osatutako ikuskizuna da, Justo Bolekia Boleká hizkuntzalariak jasotako istorio eta erromantze tradizionaletan oinarritutakoa.

Sandra Rossi argentinarrak literatura, gorputz adierazpena, dantza, maskara neutroa, poesia fisikoa… landu izan ditu. Txiki zein helduendako ipuinak kontatzen ditu.

Aurtengo zirkuituan parte hartzen duten beste herriak dira Elorrio, Durango eta Berriz.

Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdiko Munduko Kontu Kontalariak zirkuituaren 11. aldia da. Apirilean egiten da, liburuaren hilabetean. Urtero, mundu osoko kontalariak batzen ditu egitarauak. Programaren helburua da “hitzaz gozatzea, herrien arteko ulertzearen bitarteko gisa”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak