Aurten ere Euskal Herriko alderdi politiko abertzaleek Aberri Eguna ospatuko dute, bakoitzak bere aldetik. Ezker abertzalekoak Iruñara joateko deia egin dute, eta EAJk, aldiz, Bilbon ospatuko du. Nobedade modura, lehen aldiz, Ahal Dugu-Podemos Euskadik ere ekitaldi bat antolatu du gaurko egunerako.
EAJ
Eusko Alderdi Jeltzaleak Bilboko Plaza Barrian burutuko du Aberri eguneko ekitaldi nagusia, 11:30ean hasita. Bertan izango dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Andoni Ortuzar, Euskadi Buru Batzarreko presidentea. Bultzada berri bat da aurtengoan erabiliko duten leloa.
Goizeko ekitaldiaren ostean, bazkaria egingo dute Bilboko Areatzan, mila pertsonatik gora elkartuko direlarik, eta ondoren erromeria izango da Joselu Anaiaken eskutik.
Ezker abertzalea
EH BIldk eta EH Baik, hego eta ipar Euskal Herriko alderdi ezkertiar eta abertzaleek, azken urteotan bezala, Iruñean ospatuko du gaurko Aberri Eguna, Independentistak sareak deitutako manifestazioarekin bat eginez. 12:00etan abiatuko da martxa Golem zinema aretoetatik.
Manifestazio horretan, "inoiz baino gehiago" aldarrikatuko dute erabakitzeko eskubidea, "aldaketa sozial eta politikorako tresnatzat" baitaukate. Bestalde, arreta berezia jarriko diote ere Ipar Euskal Herrian herri elkargo bakarra osatzearen aldeko aldarrikapenari.
Ahal Dugu-Podemos
Euskadiko Podemos-Ahal DUguk aurten antolatu du lehen aldiz Aberri Egunerako ekitaldia. Jendea da gure aberria. Eskubide sozialak eta erabakitzeko eskubidea lelopean egingo dute, Donostian, Nestor Basterretxearen Bakearen Usoa eskulturaren alboan.
Deitzaileek azpimarratu dute eurena ez dela ospakizun "abertzale identitario bat" izango, erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko duena baizik.