Emakume Erresistenteen plaza izango du, aurrerantzean, Elgetak

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko mar. 23a, 14:56

Atzo egin zuen udalbatzak martxoko osoko bilkura. Besteak beste, Espaloia kafe antzokiaren kudeaketa kontratua bertan behera lagatzea eta hutsik dauden lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantzari garapena ematea onartu zuten. Kale izendegian ere aldaketa bat egongo da. Aurrerantzean Maalako parkeak izen propioa izango du: Emakume Erresistenteen plaza izango da.

Maalako parkea esaten diote Elgetan eskolaren eta San Roke kalearen artean dagoen plaza honi. Aurrerantzean, eta atzoko plenoan aho batez onartuta, Emakume Erresistenteen plaza izango da. Erabakiak badu lotura apirilaren 24an herrian egingo den Intxortako borrokaldien errekreazioarekin, eta batez ere egun berean emakume erresistenteei eta errepresaliatuei egitekoa den omenaldiarekin. "Gudarien bidea daukagun bezala positibo ikusten genuen emakume erresistenteei ere ematea espazio bat herrian", esan du Iraitz Lazkano alkateak. "Badauka, gainera, bere karga sinbolikoa izan ere emakume errepresaliatu ezagunenetako bat handik ikusten den etxean bertan bizi zen". Begi onez ikusi du proposamena oposizioak: "Justifikatuta dago. Badauka lotura bat Elgetako herriarekin eta ez dut gaizki ikusten", adierazi du Gu Geu Elgetako Mikel Larreak.

Erabakiak aho batez

Osoko bilkuraren amaieran eman zuen alkateak erabakiaren berri. Aurretik udalbatzak zortzi puntu izan zituen aztergai, eta udal ordezkariek aho batez onartu zituzten bozkatutako gai guztiak. Tartean, jarraipena ematea Udalaren eta Herrixa Dantzan ekimenaren arteko lankidetza hitzarmenari, jarduera ekonomikoaren gaineko zergaren kudeaketa Gipuzkoako Foru Aldundiari ematea baina ikuskaritzarako eskumena galdu barik, eta hutsik dauden lokalak eta ganbarak etxebizitza bihurtzeko ordenantzari jarraipena, eta batez ere garapena ematea.

"Ordenantza honekin gertatu dena da ez duela jarraipenik edo garapenik eduki. Aukera eman zen lokaletan etxebizitzak egin ahal izateko baina gero bertan jartzen diren baldintza batzuk esaterako ez daude jasota ordenantza fiskaletan. Hartu behar dugu konpromisoa honi gero garapen bat emateko", esan du Iraitz Lazkano alkateak.

"Ondo iruditzen zait aukera hori mantentzea", esan du Gu Geu Elgeta plataformako Mikel Larreak. "Baina noski arauetan gero zelanbait markatzen bada".

Espaloia kafe antzokia

Udalbatzak aho batez onartu du baita ere  Espaloia kafe antzokiko kudeatzaileak egindako eskaera. Hau da, indarrean dagoen kontratua bertan behera lagatzea. Udalak, gainera, La Caixak jarrita daukan 12.000 euroko abala exekutatzea erabaki du. Alde interesatuek, orain, hamar eguneko epea dute intereseko edozein adierazpen egiteko.

Oposizioak jakin nahi izan zuen kafe antzokiarekin lotuta zein asmo duen orain Udal Gobernuak, eta eperik badagoen. Alkatearen erantzuna izan zen lehenengo egin behar dena dela aretoa berreskuratu eta ikusi zein egoeratan dagoen. "Inbentarioa egin, ikusi gauzak zelan dauden, ikusi lokal hori zabaltzeko inbertsio edo lanen bat egin behar den... Lehenengo hori dena ondo aztertu, eta horren ondoren egongo ziren epeak izango ziren lehenengo herritarrei azaldu zein egoera dagoen, eta gero herritarrekin erabakitzea lokal hori zer izan behar den. Gure taldean bi eredu nahiko garbi badauzkagu, baina ez dugu baldintzatu nahi".

Bien bitartean Elgetako kafe antzokia itxita egongo da, eta ekintza puntualetarako zabalduko dute.
                 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak