Biharko egunean amateur mailan –edo profesionaletan, batek daki– lehian ibiltzeko lehenengo pausoak kategoria txikietan ematen dituzte, eta horiek ere hasi dute denboraldia. Gaztetxoenek, alebin, infantil eta benjaminek Oñatin izan zuten lasterketa, eta bertan, alebinetan Jon Otxoa, Aimar Madina eta Xabi Mujika igo ziren podiumera. Infantiletan, ostera, Aimar Erostarbe (lizarralde kirolak), Iker Ugarte (Lokatza) eta Aitor Altube (Lizarralde) nabarmendu ziren.
Oñatiko lasterketako sari banaketaren osteko erretratua. Argazkia: Dorletako Ama.
Zarautzen, euripean
Zapatuan egin zuten Zarauztarra sarian, berriz, kadete mailako ziklistek euripean lehiatu behar izan zuten. Iraetara iristen sei laguneko taldetxoak aurrera egin zuen, eta helmugara arte batera iritsi ziren. Hala, esprintean Zarauztarra taldeko Haritz Erasun nabarmendu zen. Dorletako Amakoek txirrindulari bat sartu ahal izan zuten talde horretan, Iñigo Aranburu (Eroski) eta laugarren helmugaratu zen.