Gaztetxoendako bereziki prestatutako oporraldia

Maite Txintxurreta 2016ko mar. 22a, 15:10
'Gaztekonkis'

Ibarreko hainbat herrik egitarau berezia prestatu dute aste santuetarako.

Eskualdeko herrietan udaberriko opor hauetarako egitarau bereziak prestatu dituzte, 3 ta 17 urte bitarteko haur eta gaztetxoei zuzenduta. Egitarau horien helburua da gazte horiei aisialdia modu aberasgarrian igarotzen laguntzea. Aurtengo jarduerak martxoaren 21etik apirilaren 3ra bitartean izango dira, eta era askotako ekintzak bildu dituzte: irteerak, tailerrak, txapelketak, sukaldaritza... Hala, antolatzaileek ibarreko neska mutilak animatu dituzte antolatutako ekimen desberdinetan parte hartzera.

Arrasateko eskaintza

Arrasaten, haurrek eta nerabeek egitarau bana izango dute. Hala, haurren kasuan, hiru ludotekek egitarau bateratua prestatu dute. Txikienak, martxoaren 30ean sukaldaritzan arituko dira. 31n, berriz, altxorraren bila jolasa egingo dute Santa Barbaran (eguraldi txarrarekin, Wii dantza). Apirilaren 1ean, ostera Eskoriatzako tirolinara irteera (eguraldi txarrarekin, eskulanak egingo dituzte naturako elementuekin Okendon). Bukatzeko martxoaren 31tik apriilaren 1era irteera izango da Lizarrara, eta taldea honezkero beterta dago.

Gaztetxokoak ere, bere aldetik, hainbat ekintza antolatu ditu. Martxoaren 19an eta 20an kostaldera irteera egingo dute. Paitballean arituko dira Lasturren, eta han egingo dute lo. Martxoaren 29an, mahai jolas erraldoiak izango dituzte, eta hurrengo egunean, hilaren 30ean, batido naturalak egiten ikasiko dute.

Martxoaren 31n eta apirilaren 1ean, arratsaldez, Gazte extrem kirolarekin lotutako probak egingo dituzte Monterronen edo Monteazpin. Bukatzeko, apirilaren 2ko eta 3ko ekintzak gazteek eurek aukeratuko dituzte.

Bergaran

Bergarari dagokionez, Xabalote gaztelekuan asanbladarekin hasiko dute egitaraua, martxoaren 21ean. Hurrengo egunean, Instant1ean argazki lehiaketa egingo dute. 23an, berriz, sukaldaritzan arituko dira, crêpeak egiten. Martxoaren 30ean eskulan tailerra izango dute, eta 31n futbolin eta frontenis txapelketa, azken hau Zabalotegiko frontoian. Apirilaren 2an irteera bat egingo dute, eta bukatzeko, 3an karaokean arituko dira.

Udaberriko 'Gaztekonkis'

Martxoaren 21ean eta 22an egingo dute udaberriko Gaztekonkis Aretxabaleta eta Eskoriatzako neska-mutilek. Parte hartu nahi dutenek bost eta zortzi pertsona bitarteko taldeak osatu beharko dituzte, eta talde mistoek puntuazio altuagoa izango dute.

Hala, Gaztekonkisen baitan, martxoaren 21ean egun guztiko mendi irteera izango da, eta ibilbidean zehar hainbat proba egingo dituzte gaztetxoek.

Hurrengo egunean, berriz, hilaren 22an, herrian, Aretxabaletan, Gaztetxef sukaldaritza saioa izango dute. Goizeko hamaiketan hasita, ginkana egingo dute bazkarirako osagaiak eta tresnak lortzeko. Ondoren, bazkaria izango da eurek prestatutakoarekin, eta segidan tonbola.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak