Bidegiren aurreikuspenen arabera, martxoaren 23tik 28ra bitartean, Irungo ordainlekutik 163.000 ibilgailu igaroko dira bi noranzkoetan. Horietatik, 73.000 Iparralde-Frantziara joango dira eta 90.000k Behobiatik Bilborako noranzkoa hartuko dute.
Gorakada handiena Frantzia noranzkoan martxoaren 14an espero da, 18.100 ibilgailurekin, eta Bilborantz berriz hurrengo egunean, Frantziako lehen opor egunean, 19.000 ibilgailurekin.
Zarauzko ordainlekutik berriz 191.000 ibilgailu igaroko dira sei egun horietan Bidegiren arabera. Aurreikuspen horiekin Irun eta Zarauzko ordainlekuetan langile gehiago izango ditu Bidegik kabinak irekita mantentzeko eta ondorioz trafikoa arintzeko, edozein halabehar berehala konpontzeko eta, ahal den neurrian, sor daitezkeen itxaron denborak murrizteko. Postuak prestatuta egongo dira Abiaturekin, kreditu txartelekin, diruz edo T-Bidea sistemaren bidezko ordainketak onartzeko. Gainera, jakinarazi du egun horietan autobideetan egiten ari diren lanak "bertan behera" geratuko direla, joan-etorriak errazteko.
Auto-ilarak Biriatun
Bestalde, Gipuzkoako Azpiegituren Agentziak gogorarazi du Biriatuko mugan gobernu frantziarrak ezarri ditzaken balizko segurtasun neurriak medio, auto-ilara handiak sor daitezkeela Frantziarako noranzkoan.
Horregatik, mugaz-gaindiko joan-etorriren bat aurreikusita dutenei gomendatzen die informatuta egotea. Hona bideak:
- Jaurlaritzako trafikoko web orria: www.trafikoa.eus
- Twitterren: www.twiter.com/trafikoaejgv
- Bidegiko webeko mapan: www.bidegi.eus
- Telefonoz: 011.