Hego Euskal Herrian eta Espainian, Aste Santurako alojamendua errentan hartzeko eskaera maila iaz baino %48 handiagoa da, HomeAway enpresaren arabera. Iraupenak zertxobait behera egin du: batez beste, 3,3 eguneko egonaldia egingo dute bidaiariek, eta iaz, 3,6 egun ziren.
Hego Euskal Herriko eta Espainiako bidaiariek lurralde horiek izango dituzte jomuga; hala da kasuen %71n. Andaluzia da lekurik gogokoena; eskaeren %20 harako dira. Gero datoz Katalunia (%14), Kanariar Uharteak (%11) eta Valentziako Erkidegoa (%9). Gaztela-Leon dator segidan, %8rekin, eta Asturias, %7rekin. Bi erkidego horietarako eskaera %87 eta %56 handitu da, hurrenez hurren, iazko Aste Santutik.
Sevilla, Girona eta Tenerife, lehen postuan
Probintziaka, Sevillarako dira Andaluziako errenta-eskaera gehienak: %24. Katalunian, Girona dator lehenbizi: %35. Kanariei dagokienez, Tenerife da eskaera gehien dituen uhartea: %61. Valentziako Erkidegoan, Alacant-eko Kosta Zuriak ditu eskaera gehien: %50 inguru.
Oporretako etxebizitzen eskaeraren bilakaerari dagokionez, hazkunde handienak Gironan (+%60) eta Bartzelonan (+%28) izan dira. Valentzian gutxien hazi den probintzia Alacant da (+%28). Tenerife da hazkunde handiena izan duen kanariar uhartea (+%88).
Euskadirako eskaerak %127 hazi dira iazko Aste Santutik, Home Awayren txostenak dioenez. Hazkunde berbera izan du Errioxak. Asturiasko kostalderako eskaerak %55 gehitu dira.
Balear Uharteek behera egin dute eskaeren zerrendan; iaz baino %14 eskaera gutxiago egin dituzte bezeroek. Hala ere, Mallorcarako eskaerak hazi egin dira: %33 gehiago.
Frantziara eta Portugalera
Espainiatik kanpora joango diren bidaiari gehienak Frantziara (eskaeren %8) eta Portugalera (%6) joango dira. Iazko Aste Santutik %24 eta %4 hazi dira herrialde horietan alokatzeko eskaerak, hurrenez hurren.
Europarren artean, Espainia da HomeAway-ren bezeroen oporraldirako lekurik gogokoenetako bat. Bezero frantsesen zerrendan bigarrena da, eta Erresuma Batuko bisitarien hirugarrena mundu osoan, Erresuma Batua bera eta Frantziaren ondoren. Kanariar Uharteetarako dira errenta-eskaera gehienak.