Debagoieneko Ikasle Abertzaleek emandako datuen arabera, greba edo geldialdiak egin zituzten Arrasateko MUko unibertsitatean eta Institutuan; Bergarako Migel Altuna Lanbide Heziketako ikastetxean —LAB eta ERNAI ere batu dira— eta Ipintza Institutuan; Oñatiko Institutuan, Txantxiku Ikastolan eta Elkar Hezin; eta Eskoriatzako MUren fakultatean.
Mobilizazio jendetsuak izan ziren Euskal Herriko hainbat tokitan eta 15.000 ikasle atera ziren kalera, Ikasle Abertzaleen arabera. "Gaur egungo hezkuntza eredua bertan behera uzteko eta eraiki nahi dugun herritik eta herriarentzako ereduen arteko talka azaleratzeko" deitu zituzten mobilizazioak.
Istiluak Gasteizen eta Iruñean
Debagoienean normaltasunez igaro zen greba eguna, baina Gasteizen eta Iruñean istiluak izan ziren. 13 gazte atxilotu zituzten; bederatzi Gasteizen eta lau Iruñean. Barrikadak egin zituzten Gasteizen eta hainbat banketxetako kristal eta kaleko higigarri puskatu, hedabideek jaso dutenez. Ertzaintzak manifestarien aurka egin zuen gomazko pilotak eta borrak erabiliz eta hainbat ikasle gertatu ziren zurituak.
Bestalde, Arabako campusean, piketeek hainbat fakultaterako bidea itxi dutela eta eskolak ematea galarazi dutela esan zuen Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak.
Herrizaingo sailak hedabideetara banatu zituen ustez manifestariek ertzainen aurka jaurti zituzten azkoin, torloju, bestelako burdinazko material eta kaniken argazkiak.
Ikasle Abertzaleek "irmoki salatu" zuten izandako "errepresioa eta kriminalizazioa". "13 ikasle atxilotu, hainbat zauritu ospitalean eta dozenaka identifikatu".
Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak salatu zituen istiluak eta zera adierazi zuen: "Ezin da indarkeria erabili ezein manifestazio edo aldarrikapen egiteko". Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretzak Arabako campusean izandako "gertaera larriak salatu" zituen.