Azkeneko urteetan otsaila arteko zerga-bilketa urteko osoaren %10-%15 artean izan ohi izan da eta, beraz, Foru Ogasunaren esanetan, "goiz" da oraindik aurreikuspenen betetze-maila neurtzeko. Hori bai, Ogasunak azpimarratu nahi izan du zergetatik bi figura garrantzitsuenek, PFEZko lan atxikipenek eta BEZak, izan duten bilakaera positiboa.
Lan etekinen atxikipenen kasuan, %2,1 hazi dira aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 5,9 milioi euro gehiago bildu dira. Ondare irabazien atxikipenak eta kapital higikorren etekinen atxikipenak, bere aldetik, behera egin dute, eta hori dela eta, zerga osoa hartuz gero, PFEZren zerga-bilketa garbia %0,8 igo da, 2,4 milioi gehiago, hain zuzen.
Sozietateen gaineko zergari dagokionez, kuota diferentzial garbiaren sarrerak 10,3 milioi gutxitu dira, 2015 hasieran likidazioen sarrerak nabarmen handitu baitziren, eta itzulketak ere gutxitu egin dira aurreko urtearekin alderatuta.
Azkenik, Aldundiak kudeatzen duen BEZri dagokionez, sarrerak eta itzulketak, biek ere gora egin dute. Zerga honen bilketa metatua %1,3 hazi da, aurreko urtean baino 2,4 milioi gehiago.