Partidu ona jokatu zuten arrasatearrek. "Bagenekien gogorra izango zela, eta nik esan nien jokalariei lasai egoteko, presioa besteek zutela", dio Larreategik.
Lehenengo laurdena nahiko parekatua izan zen. Bigarren laurdenean, etxekoak lasaiago jokatzen hasi ziren, eta Venta de Baños hiruko saskiratze asko egiten hasi zen. Hori horrela, Larreategik hutsartea eskatu zuen. "Jokalariei esan nien barrutik gehiago jokatu behar genuela", dio entrenatzaileak.
21-5eko partziala
Atsedenaldira bost tanto atzetik joan ziren etxekoak. Hirugarren laurdenean gauzak goitik behera aldatu ziren. Arrasatearrak defentsan gogor ibili ziren eta oso eraginkorrak izan ziren saskiratzeak egiterakoan: 21-5eko partziala egin zuten. Markagailuan aurretik jartzeaz gain, taldea lasaitu egin zen.
Presioa kantxa guztira
Azkeneko laurdenean aurkariak presioa kantxa guztira zabaldu zuen, baina etxekoek markagailuan zeukaten abantaila nahikoa izan zen partidua eusteko.
"Gustura nago garaipenarekin eta baita tantoetan abantaila hartu dugulako. Oso garrantzitsua izango da liga parekatuta bukatuz gero", azaldu du Larreategik. "Lehenengo helburua partidua irabaztea zen, eta bigarrena tantoen aldea ere irabaztea", gaineratu du. Hala, han zortzi tantotako aldearekin galdu zuen MUk; etxean, aldiz, hamar tantoko aldearekin irabazi dute.
Natra Aloña Mendik ere irabazi
Natra Aloña Mendik 70-65 irabazi zion zapatuan Mungiari Zubikoa kiroldegian, bigarren mailako txapelketan. 20. jardunaldia amaituta, Aloña Mendi bosgarren postuan dago 30 punturekin. Datorren astean Goierriren aurka jokatuko dute, etxean.