Nagua Alba: "Aldaketa ekarri nahi dugu Euskadira, eta horretarako gobernatu behar dugu"

Josu Bilbao 2016ko mar. 10a, 06:09
Nagua Alba, Ahal Duguko idazkari nagusi berria. Argazkia: Naguaalba.com

Donostiarra izendatu dute Ahal Dugu Euskadiko idazkari nagusi, bere zerrendak, Aurrera Begirak, Kaliangora zerrendak baino 130 bozka gehiago lortu ondoren.

2016a urte garrantzitsua izango da zuretako, idazkari nagusi moduan. Madrilgo Kongresuan lanean diharduzu eta Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak ere hor daude.

Bai, lan asko dugu egiteko, eta ilusio eta gogo handiz hartzen dugu, baina baita badakigu ardura handia ere badela hau. Oso emaitza onak atera genituen aurreko hauteskunde orokorretan, eta orain maila horretan jarraitu behar dugu. Beraz, lan handia dugu egiteko eta arduraz hartzen dugu lan hori.

Erronkei aurre egiteko prest dago beraz Ahal Dugu alderdiko idazkari nagusi berria?

Bai noski. Talde oso ona dugu. Esperientzia duen jende langilea dugu kontseiluan, eta orain denok elkarrekin lan egiteko eta aurrera egiteko txanda da. Helburua oso argi dugu, aldaketa ekarri nahi dugu Euskadira, eta horretarako Euskadi gobernatu behar dugu.

130 boto gehiago atera ditu Aurrea Begira, zure zerrendak, Kaliangorak baino. Zerrenden artean lankidetza egongo da Ahal Dugu barnean?

Bai noski. Badago beste zerrendan zegoen jendea kontseiluan, eta atzo hitz egin nuen beraiekin. Lan egiteko gogo handia dute, eta kontseiluan izateagatik pozik daude. Beraz elkarrekin egingo dugu lan. Beste zerrendekin ere hitz egin du, beste hautagaiekin, gure helburuetako bat eurekin lan egitea eta egunerokotasunean pertsona hauek lanean integratzea delako.

Gardentasuna sarritan azpimarratzen duzue Podemosen. Kaliangorak barne hauteskundeen gaineko kanpoko auditoria bat eskatu du...

Kanpoko auditoria jada egin da, emaitzak argitaratu baino lehen egiten dira bi auditoria. Alde batetik Agoravotingek eta beste aldetik Opencratiok, baina, hala ere, haiek beste bat nahi badute lasai asko egingo dugu. Prozesuak gardena izan behar du, eta gardenagoa izan behar bada, ba gardenagoa izan dadila.

Nagua Alba, Arrasateko Eva Abuin eta Igor Urizar zinegotziekin.

Espainiako Kongresuan buru-belarri zabiltza ere. Akordio bat geroz eta urrunago ikusten duzue Podemosetik?

Gu baikorrak gara. Oraindik akordio batera iristeko aukera dago. Argi dagoena da, alderdi popularraren politika ekonomikoekin ezin dela politika sozialik egin. Beraz, helburua ez da bakarrik Mariano Rajoy Moncloatik botatzea, baizik eta bere politikak. Eta Ciudadanosek euren programan, eta PSOErekin sinatu duen akordioan, PPren politiken jarraipen bat planteatzen dute. Beraz, hori arazo bat da, baina gu baikorrak gara, eta badago aukera gobernu bat eratzeko, baina aldaketarako gobernu bat.

Hauteskunde berriak ez dituzue baztertzen orduan?

Nire ustez porrota izango litzateke hauteskundeetara berriro joatea inork ez duelako bere botoa hauteskunde berriak gauzatzeko eman, baizik eta gobernua osatzeko. Gure helburua hori izango da. Hala ere, azkenean hauteskunde berriak badaude, energia handiarekin eta ilusioarekin hartuko ditugu. Baina ez da gure helburua eta ez dugu nahi hori gertatzea.

EAEko hauteskundeak ere gertu daude. Ahal Duguk erlojuaren kontrako proba bat du orain?

Hasteko ikusi beharko dugu ea hauteskundeak azkenean aurreratzen diren edo ez. Bi prozesu garrantzitsu egin behar ditugu Ahal Dugun. Alde batetik zerrendaren osaketa, hauteskunde primarioen bitartez, eta beste aldetik programa. Programa osatzeko, eraikitzeko, aditu ezberdinekin egin beharko dugu, gizarte zibilarekin hitz egin beharko dugu, eta hiritarren ideiak eta ekarpenak jaso beharko ditugu.

Azken emaitzei erreparatuz gero, Ahal Duguk zer esan garrantzitsua izango duela dirudi Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan...

Bai, hala da. argi dago rol garrantzitsua eta zentrala dugula jada euskal politikan, eta gure helburua EAJ gobernutik kentzea da, Euskadira aldaketa ekartzeko. Hori oso argi dugu, eta indartsu joan gara hori lortzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak