Zorretan dauden zergadunen izen-abizenak argitaratzeko erabakiari dagokionez, Ogasun eta Finantza diputatuak, Jabier Larrañagak, emandako pausoaren garrantzia nabarmendu du, iruzur fiskalaren aurkako borrokan “fronte berria” irekitzen baitu. “Orain arte itxita zegoen bidea ireki dugu, eta garrantzitsua orain pausu seguruak eman eta estropezurik egin gabe ibiltzea da”, adierazi du.
EAJ, PSE eta PP, alde
Larrañagak Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran hartu du hitza Foru Arau proiektu honen inguruan zehaztapenak emateko. Erreformak batzarkideen gehiengoaren oniritzia jaso du: EAJ, PSE eta PP alde agertu dira, EH Bildu abstenitu egin da eta Podemos-Ahal Duguk aurka bozkatu du.
Zerrenda, lehenengo aldiz, 2016ko bigarren erdian argitaratuko da, eta erreferentzia data martxoaren 31 izango da; hau da, egun horretan Ogasunari 1.000.000 euro baino gehiago zor diotenen izen-abizenak argitaratuko dira, borondatezko epean egindako eta atzeratutako, zatikatutako eta bertan behera utzitako ordainketak izan ezik. Zerrendan sartzeko proposamena zordunari jakinaraziko diote, eta 10 egun izango ditu hark alegazioak aurkezteko.
30 euroko kuota soziala
Bestetik, Batzar Nagusiek aho batez onartu dute Eusko Jaurlaritzari exijitzea “berehala eta atzerapenik gabe” neurriak har ditzan “itzulketen eraginak ahalik eta txikienak izateko”, Lanbidek behar gabe ordaindu dituen prestazioen kasuan. Baita exijitu diote 30 euroko hileko kuota sozial bat ezar dezala, edo kaltetuek ordaindu dezaketen beste kopuru batekoa.
Ahal Duguko batzarkide Maria Valientek kaltetuen “borroka eta erresistentzia” jarrera eskertu du, eta “administrazioak sortutako” egoera bat zuzentzeko behar diren neurriak hartzeko eskatu die erakundeei.