Egubakoitzean, 19:30ean, Zurrategi plazan, kriseiluak aireratuko dituzte "erabakiaren aroa pizteko", eta ondoren sinaduren bilketari ekingo diote. Oñatiko ekitaldia Santa Ana antzokian egingo dute larunbatean, 12:00etatik aurrera. Elgetan, barikuan, arratsaldeko 18:30etik aurrera, eta domeka eguerdian sinadurak batzeko mahaia jarriko dute plaza inguruan.
Sinadura biltzearen kanpaina bi hilabetez luzatuko da. Mahaiak jarriko dituzte toki desberdinetan maiatzaren 5a bitartean alegia, aurreko zapatuan hasi zuten herrietan. Erdigunean eta auzoz auzo Arrasateko kasuan, egunak zehazteke. Aretxabaletan, barikuan emango diote jarraipena Durana kalean mahaia jarriz arratsaldeko 6,30etatik aurrera. Bergaran, ostegunero 6,30etan hasita pintxopote orduan Irala kalean eta, gainera, edonoiz sinatu ahal izateko, denda batzuetan aukera emango zaie herritarrei. Aramaion ostiralean 7etatik aurrera Kultura-etxean.
"Arrakasta borobila" aurreko astebukaeran
Aurreko astebukaerako ekitaldien balorazioa egin zuten atzo herrietako batzarrek, eta "arrakasta borobila" izan zela azpimarratu zuten. Goiz bakarrean 1.500 atxikimendu lortu zituzten, baina garrantzia, batez ere, ekitaldietan eman zen parte-hartzeari eman nahi izan diote.
Herriz herri, eta kontaketa itxi gabe, Aretxabaletan 400 inguru jaso ziren, Eskoriatza eta Aramaion 100 inguru, 700etik gora Arrasaten, 50 bat Leintz Gatzagan, eta 200 baino gehiago Bergaran.