Asier Garitano: "Ez dugu igotzeko presiorik; ilusioa dugu"

Josu Bilbao 2016ko mar. 7a, 09:39
Asier Garitano. Argazkia: CD Leganes

Leganes taldeko entrenatzaile bergararrak datozen 14 jardunaldietan "erronka polita" dutela azpimarratu du. Madrilgo taldea Bigarren Mailako liderra da, eta bigarren sailkatuari, Alavesi, 3 puntu ateratzen dizkio.

Erronka polita duzue aurretik ezta?

Bai. Oraindik 14 neurketa ditugu aurretik, baina sentsazioak oso onak dira, bai etxean eta bai kanpoan. Gure lehenengo helburua lortu genuen, salbazioa, eta orain igotzeko asmoa dugu. Horretarako oraindik puntu asko atera behar dira. Partidu asko irabazi ditugu, eta ondo goaz. Ea horrela jarraitzeko aukera dugun.

Taldean eta Leganesen ilusioa nabaritzen duzu?

Bai, noski. Aspalditik, hor goian gaudenetik. Sentsazioak oso onak dira, eta badakigu gauzak ondo egin ahal ditugula. Taldean ilusioa dago, eta Leganesen ere. Toki guztietan nabaritu daiteke. Atzo ere, Albacetera 300 lagun inguru joan ziren Leganesetik eta ilusioa handia da. Hala ere, ikusteko dago noraino helduko garen.

Entrenatzaile moduan, handiagoa al da presioa liderrak zaretenetik?

Guk ez dugu presiorik, ilusioa dugu. Badakigu oraindik partiduak irabazi behar ditugula Lehenengo Mailara igotzeko, eta hortxe gabiltza, preso barik. Lehenengo, bigarren edo laugarren joanda ez da gauza ezberdinik egin behar. Partidu bakoitza gogoz prestatu eta gero partidu hori ondo jokatu.

Liga Adelante maila handiko liga da, eta neurketak irabazteko gogor borrokatu behar izaten da. Garaipena lortzea ez da erraza izaten...

Bai, egia da. Taldeen artean ia ez dago ezberdintasunik. goiko talde baten aurka jokatu, edota Albaceteren kontra jokatzea, jaitsiera postuetan izanik, ez dago ezberdintasun handirik. Astero partidu gogorrak jokatu behar ditugu, eta horretarako gertatuta egon behar dugu. Orain arte gauzak ondo joan zaizkigu, eta horrela jarraitzea nahi dugu.

Teknikariaz gain euskal jokalariak ere badaude aurten Leganesen...

Aurten Bilbotik Bustinza, Guillermo eta Ruiz de Galarreta etorri dira, Albizua ere Tenerifetik etorri da eta Serantes atezaina hemen zegoen. Garrantzitsuena jokalari onak direla da, eta guretako pozgarria da horrelako jokalariak izatea.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak