Aretxabaletak azkar eman du lehenengo kolpea. Bosgarren minutuan urrunetik zuzenean egindako falta jaurtiketa bat ezustean harrapatu du atezain antzuolarra, eta hor hasi da Lander Andresen gol-festa (1-0). Ondorengo 40 minutuetan, baina, Aretxabaleta trabatuta ibili da, luze jokatzeaz obsesionatuta, motzean etekin handiagoa ateratzeko aukera zeukatenean. Antzuolakoen atera hainbat jaurtiketa arriskutsu egin dituzte, baina asmatu barik. Antzuola, berriz, nahiz eta atzetik joan ez da behera etorri. Gabezia handiekin dabiltza aurten, baina lehenengo zatian eutsi egin diote norgehiagokari.
Bigarrenean, beste bi gol
Egia esan, Aretxabaleta suarekin jokatzen ibili da bigarren zatiko minutu askotan, gol bateko errenta txikiaz kontrarioak edozein jokalditan egin zezakeelako min. Ez da halakorik gertatu, eta UDAk partidua errematatu ahal izan du, Andresen beste bi golekin –gehiago ere izan dira, baina epaileak balio gabe utzi ditu jokoz kanpokoa adierazita–. Txarrena, azkeneko golean Antzuolako Iker Altube atezainak min hartu duela sorbaldan, baloi loratua urruntzera zihoanean. Hiru eta hutsekoa izan da, eta epaileak segundo bakarra ere ez du luzatu partidua.
Gainontzeko emaitzak
Hirugarren mailan, berriz, UDAk hamar jokalarirekin jokatu behar izan 80 minutuz Deuston. Epaileak adierazitako penaltiaren ondoren geratu dira aretxabaletarrak jokalari bat gutxiagorekin, eta Deustok ez du besterik egin; penaltia barrura, eta kito. Valleren eta Barkeroren mutilek, hamarrekin jokatuta ere, partidua berdintzeko hainbat aukera izan dituzte, baina nahi eta ezin ibili dira.
Ohorezko erregionalean, berriz, Elgoibarren kontra 0-1 galdu du Aloña Mendik, eta oñatiarrek zortzigarren postura egin dute jauzi. Eta aurrean dabiltzanak, erregional preferentean, Mondrarekin batera Bergarakoak dira. Isil-isilik baina dagoeneko laugarren daude sailkapenean, bost partidu jarraian irabazi eta gero. Usurbilen 0-2 irabazi dute mahoneroek, eta Mondrak etxean errepaso polita eman zion zapatuan Urkomendiri, Mojategin 4-1 irabazita.