Arrasaten jokatzen duen Iker Zubiaurre elgoibartarrak garbi zuen partidu amaieran: "Lider jarraitzeko halako partiduak ere irabazi egin behar dira, apartekorik ez dutenak, hemen denak direlako garrantzitsuak". Ford Mugarrirendako tramiteko partidua izan zen. Escolapiosek oso talde gaztea du, jokalari azkarrekin, eta kontraerasoan jokatzen ahalegindu ziren. Zuri-moreek ez dute gaztetasun hori, baina beteranotasunak balio handia du, batez ere halako kategoriatan: "Hasieratik irten gara kontzentratuta. Uste genuen gehiago kostatuko zitzaigula, baina erraz irabazi dugu, eta uste dut denok jokatu dugula. Hala, bost partidu geratzen zaizkigu, eta bostak irabaztera".
Izarraitz Aloña Mendik etxean galdu
Oñatiarrak sekulako denboraldia egiten dabiltza, sarritan ahaztu egiten zaigulako igo berri den talde baten gainean gabiltzala berbetan. Liga ia osoan aurrealdean ibili dira, baina txapelketa luzea egiten ari zaie, eta azken hilabetean behera egin dute. Hain zuzen, atzoko kontrario Urdaneta beste muturrean dago; liga negargarri hasi ostean bigarren itzulian beste aurpegi bat erakusten dabiltza, eta atzo Zubikoa moduko kantxa zailean urrea eskuratu zuten (26-27).