Eneko Carrascal gaztea etxera pozik itzultzeko moduan da asteburuan Salamancan egindakoaren ondoren. Bertan jokatu dute gazte mailako Espainiako txapelketa, eta arrasatearrak urrezko domina eskuratu du luzera jauzian zein jauzi hirukoitzean. Luzerakoan, 7.24ko marka egin zuen, eta 0,27ko aldea atera zion bigarrenari, Atletico San Sebastianeko Iñigo Unzetabarrenetxeari.
Errekorra jauzi hirukoitzean
Jauzi hirukoitzean ere, urrea eskuratzeaz gain, txapelketako errekorra erdietsi du Arrasate Atletico taldeko atleta gazteak; izan ere, 15,09ko marka egitea lortu du. Bigarrena ere gertu izan du, 0,2 gutxiago bakarrik egin baitu Jorge Arroyok.
Yeray Varela, eskumatik bigarrena, Aloña Mendiko elastikoa defendatzen.
Espainiako maila absolutoan parte hartu ahal izatea saria da atletendako. Esaterako, Yeray Varela oñatiarrak ahaztuko ez duen esperientziaz gozatu ahal izan du, aste barruan bertan konfirmatu ziotelako 15 onenen artean egongo zela 3.000 metroko lasterketan. Profesionalen artean lehiatu –TDPk zuzenean eman zuen lasterketa osorik– eta minutu bakoitzaz gozatu ahal izan zuen oñatiarrak.
13.a izan zen helmugan, 8.50.05ko denbora eginda, eta dagoeneko sare sozialetan zintzilikatu ditu barruan bizi izan zituenak: "Horren zaila da gaur bizi izan dudana azaltzea. Ahaztuko ez dudan zerbait izan da, bizi osoan gordeko dudana. Lasterketa honetan egon ahal izate hutsa epikoa izan da niretako, aldi berean berria, eta nire barruan neukan onena eman dut. Onenen kontra lehiatu ahal izan dut, benetako ohorea izan da". Hala, lanean gogor jarraitzeko motibazioa eman dio honek, eta jasotako zorion mezu guztiak eskertu gura izan ditu.
Istar Dapena, oso ondo
Goizean, berriz, gizonezkoen pertika saltoan Jonathan Perez entrenatzailea pozik zen Istar Dapenak egindako lanaz: "Oso ondo ibili da, marka pertsonala berdindu du, eta lan galanta egin du. Pozik egoteko moduko txapelketa egin du". Hala, 5.05eko saltoak laugarren posturaino eraman zuen, podiumetik oso gertu.
Malen Ruiz de Azuak brontzezko domina, Maialen Axpe laugarren
Iluntzean, ostera, emakumezkoen pertika saltoen saioan Naroa Agirre donostiarrak oraindik erreferente garbia dela berretsi zuen, 4,25eko marka eginda. Malen Ruiz de Azuak ez zuen bere marka pertsonala berdindu ahal izan (4,20) eta 5 zentimetro gutxiagoko saltoak brontzea eman zion: "Pena da ez duelako txapelketaz gozatu, ez da gustora ibili. Fisikoki arazo batzuk izan ditu eta ez du onena eman ahal izan, baina halakoak dira txapelketak", adierazi du Madrildik Jonathan Perez entrenatzaileak. Haren atzetik sailkatu zen beste arrasatear bat, Maialen Axpe 4,05eko markarekin, eta Axpek ere ezin izan zuen urteko marka pertsonala berdindu, 4,10ekin aurkeztu zelako txapelketara.
Uribarren podiumetik kanpo
Azkenik, Iñigo Uribarrenek gaur eguerdian jokatu duen jauzi hirukoitzeko proban ez du lortu azkenean podiumera igotzea, laugarren geratu baita. Arrasatearra urteko bosgarren marka onenarekin aurkeztu da, 15,81 metrorekin. Gaurkoan, 15, 65 egin du.