MUko saskibaloi taldeko entrenatzaile Josu Larreategi omenduko du Baskoniak, beste hainbat lagunekin batera; hain zuzen, duela 20 urte Gasteizko saskibaloi taldearekin Europako Kopa irabazi zutenak omenduko dituzte. Eta Baskonia eta Dominion Bilbaoren arteko partidua aprobetxatuko du klubak omenaldi hori egiteko, bihar, domeka, arratsaldean (19:30).
1996ko martxoaren 12ko saskibaloi partidu hartan Salonikako PAOK taldearen kontra historia egin zuen orduko Taugresek. Ramon Rivas, Marcelo Nicola, Perasovic, Reyes, Cazorla anaiak, Millera eta beste hainbat lagunen eskutik Baskoniak Europako Kopa irabazi zuen, sasoi hartan Errekopa moduan ezagutzen zena (88-81). Manel Comas zen orduan taldeko entrenatzailea, eta ondoan zuen lagunetako bat Josu Larreategi eskoriatzarra zen, egun Ointxe! klubeko lehen taldeko entrenatzaile dena: "Garai hartan taldean nengoen eta Europan lortutako trofeo bakarra da orain arte. Beraz, badauka meritua", adierazi du eskoriatzarrak. Klubak jokalari eta orduko entrenatzaile taldea omenduko ditu, baina ez partiduaren atarian bakarrik, egunean zehar hainbat ekimen egingo dituzte-eta.