Laboral Kutxaren bezero diren enpresek Mexikoko banku baten laguntza izango dute han ezartzeko

Leire Kortabarria 2016ko mar. 4a, 14:18

Laboral Kutxak eta Mexikoko Grupo Financiero Banortek (GFNorte) alde biko lankidetza-hitzarmena sinatu dute, Euskadiko enpresei Mexikora iristen eta han ezartzen laguntzeko, enpresen nazioartekotze-prozesuetan. 

Orain dela 100 urtetik gora Monterrey hirian sortua, Banorte Mexikoko hirugarren banku-erakundea da gordailuak kontuan hartuta, eta laugarrena kredituei erreparatuta. 2015. urtearen amaieran, banku horrek 122.000 milioi dolarreko aktiboak kudeatzen zituen. Erakundeak 27.000 langile eta 1.250 bulego ditu Mexikoko herrigune nagusietan, eta finantza-estaldura ematen die banku-sektoreko 13 milioi bezerori baino gehiagori.

Sinaduraren protokolozko ekitaldia Mexiko Hirian izan da. Haraino joan den euskal kreditu-kooperatibaren ordezkaritza bat, Oscar Mugerza, Laboral Kutxako Enpresa Negozioaren Garapeneko zuzendaria, buru izan dela. Banorteren aldetik, Ricardo Velázquez jaunak sinatu du akordioa, Nazioarteko Bankako zuzendari nagusiaren ondokoak.

Itun horren bidez, Laboral Kutxak aliatu transnazional egonkorra lortu du, euskal enpresek banku-prozedurak egin ditzaten, oinarrizkoak (hala nola kontu bat irekitzea) nahiz zailak (epe laburreko eta luzeko finantziazioa). Horretarako, gainera, Mexikon jarduten duten euskal enpresek Laboral Kutxaren laguntza izango dute: bai filiala zuzenean finantzatuz, bai Banorterekin egiten dituen eragiketak bermatuz.

Antzeko hitzarmenak Europan eta AEBetan

Laboral Kutxaren esanetan, “akordioa onuragarria izango da Laboral Kutxako bezero diren enpresa guztientzat, Banorte izango baita kreditu-kooperatibaren Mexikoko finantza-adarra. Hemendik aurrera, amaitu egingo dira enpresen ohiko arazoak: kreditu-historialik ez izatea, atzerriko inbertsioen kudeaketako espezialistekin zuzenean hitz egin ezin izatea…”

Laboral Kutxak antzeko hitzarmenak ditu beste herrialde batzuetako erakunde batzuekin: Crédit Cooperatif-BPCE Taldea (Frantzia), Raiffeisen International (Austria, eta Europako Erdialdea eta Ekialdea) eta National Cooperative Bank (Ameriketako Estatu Batuak).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak