"Badakigu egoera oso zailean gaudela, baina ezin dugu amore eman. Matematikoki jaitsi egin garela baieztatu arte, borrokan jarraituko dugu", esan du Antzuolako entrenatzaile Juanjo Nogueirasek.
Oso bestelako borroka eta bidea dute aretxabaletarrek. Sailkapenean lasai daude 28 punturekin, baina ezin dira erlaxatu. "Moral eta emaitza aldetik ondo gaude. Lesionatuta egon diren jokalari batzuk berreskuratu ditugu. Esango nuke sasoiko gaudela azken txanpari aurre egiteko", esan du aretxabaletarren entrenatzaile Iban Rodriguezek
Bederatzi jardunaldi geratzen dira eta helburuak lortzeko lehian, derbia datorkie domekan. "Partidu bereziak dira. Jokalariek gorriz markatuta dute etziko lehia. Borrokatua izango da, eta ezin gara Antzuolarekin fidatu. Azkenak dira, bai, baina horrek ez digu balio partidua irabazteko", azpimarratu du Rodriguezek.
Antzuolako jokalariak ere "gogotsu" daude derbirako. "Jokalarietako batzuk UDAn jokatu izan dute, beste batzuk arrasatearrak dira... Gogor lan egin dugu asteon eta irabazteko asmoz irtengo gara zelaira", dio Nogueirasek. Hori bai, zorte apur bat eskatzen du antzuolarrak: "azken partiduan gol aukera asko izan genituen baina ez genuen golik sartu. Ilintxak aldiz, izandako bi aukeretan bi gol sartu zituen. Beasainen ere egoera berbera izan genuen. Futbolean zorte apur bat behar da".
Gol gutxi
Aretxabaletarrek gabezia handiena aurrealdean dute. Gol gutxi sartzen dituzte. "Kosta egiten zaigu golak sartzea, eta gol barik, ez dago irabazterik. Talde lehiakorra izateko ezinbestean irabazi behar ditugu partiduak eta golak beharrezkoak dira", azaldu du UDAren entrenatzaileak. Baina, helburutik oso gertu daude. "Bi arlo lantzen ditugu: lehiakorrak izatea eta Hirugarren Mailako taldearendako jokalariak formatzea. Bi horiek kontuan hartuta, lan ona egiten gabiltzala esango nuke", dio.
Bestalde, Erregional Preferenteko Bergarak Usurbilen zelaian jokatuko du, azken bolada onarekin jarraitzeko asmoz. Azken lau partiduak jarraian irabazi dituzte bergararrek. Mondrak, berriz, etxean jokatuko du Urkomendiren kontra. Irabaztea da Josu Zubiaren mutilen helburua.
UDA eta Aloña
Denboraldi bukaera gogorra izango du baita ere Hirugarren Mailako UDAk. Zulotik irten ezin dabil. Aurreko aste bukaeran Zallaren kontra bina berdindu ostean, Deustoren kontra jokatuko du Valleren taldeak. Bizkaitarrek 26 puntu dituzte eta aretxabaletarrek 23. Irabazita pauso bat gehiago emango lukete.
Azkenik, Ohorezko Erregionalean diharduen Aloña Mendik Elgoibarren zelaian, Mintxetan, jokatuko du. Eroso daude oñatiarrak sailkapenaren bosgarren lekuan, 39 punturekin.