Olinpiar Jokoetan egongo dira Aitor Biain oñatiarra eta Uxue Otxoa arrasatearra

Oihana Elorza Gorostiza 2016ko mar. 3a, 16:39
Otxoa eta Biain

Rio de Janeiron gertatzen denaren berriemaileetako bi izango dira Biain eta Otxoa, beste sei lagunekin batera. Batez ere Basque Team-eko kirolarien jarraipena egingo dute.

Gazteaukera atariak eta Basque Team-ek elkarlanean sustatu duten ekimenaren irabazleetako bi dira Aitor Biain oñatiarra eta Uxue Otxoa arrasatearra. Abuztuan Rio de Janeiron egingo diren Joko Olinpikoetara joateko txartela irabazi dute. Joko Olinpikoetan gertatzen denaren berriemaileetako bi izango dira, beste sei lagunekin batera. Batez ere Basque Team-eko kirolarien jarraipena egingo dute.

Martxoan

Aitor Biaian pozik dago lortutako txartelarekin baina sariari buruz asko gehiago ez dakiela adierazi du: "Irabazi dudala bai, baina hortik aurrera gauza gutxi dakigu oraindik. Martxoan, dugu bilera bat eta han emango dizkigute argibide guztiak". Hamar izeneko lanarekin irabazi du Biainek Rio de Janeirorako txartela.

Lau lagunek Olinpiar Jokoak landuko dituzte (Biain da horietako bat) eta beste lauk Paralinpikoak. Azken multzo horretan dago Uxue Otxoa arrasatearra. "Olinpiar Jokoak gai moduan hartuta, testu bat, bideo bat edo biak aurkeztu behar ziren lehiaketara. Bideo bat egin nuen nik. Maider Unda, Eli Pinedo, Asier Maeztu eta Ander Romarate kirolariak elkarrizketatu nituen eta ikurrina hizlari hartuta, euren esperientzia eta lana jaso nituen", dio Otxoak.

Olinpiar Jokoak abuztuaren 5etik 21era izango dira Rio de Janeiron (Brasil) eta Paralinpikoak irailaren 7tik 18ra. Zer egin behar duten, noiz eta nola laster jakingo dute.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak