Barruko salmentak gutxiago hazi ziren: %3, zehazki.
Datuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ogasun eta Finantza departamentuak argitaratzen duen lurraldeko enpresen salmenta eta kanpo merkataritzari buruzko urteko txostenean jasotzen dira. Dokumentu honek Gipuzkoan sozietate egoitza duten enpresa ez-finantzarioek aurkeztutako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZ) aitorpenak ditu iturri.
Departamentuaren arduradunak, Jabier Larrañagak, zenbakien irakurketa baikorra egin du, baina triunfalismoetatik aldendu eta zuhurtziaren alde egin du: “Salmenten gorakada berri ona da eta gure enpresak susperraldiaren bidean daudela adierazten du eta guk, Aldunditik, indarberritze zantzu hauek egonkortu nahi ditugu”, esan du Larrañagak, eta Gipuzkoako Ekonomia Suspertzeko plana bezalako egitasmoak jarri ditu adibide. “Ekonomia suspertzearen eskutik etorriko da errekuperazioa eta ekonomia sustapena dugu horretarako erreminta”, esan du.
Alemaniara, Frantziara eta Erresuma Batura
Esportazioek pisua irabazten jarraitzen duten lurraldeko enpresen salmentetan. 2015ean salmenta osoen %38 izan ziren, 2014ko %36,9arekin alderatuta. Are aipagarriagoa, krisi aurretik hona (2006-2007 urteak) 12 puntu baino gehiago igo da kanpo salmenten garrantzia.
Esportazioen helmugari buruz, Europako merkatuek (batez ere Frantzia, Alemania eta Erresuma Batua) jomuga nagusia izaten jarraitzen dute, munduko gainerako herrialdeetara egindako salmentak pisua irabazten jarraitzen dute.
%68 enpresa txiki eta ertainek saldu dute
Langile kopuruari erreparatuz gero, enpresa txiki eta ertainei (250 langile baino gutxiago dituztenak) saldutako 100 eurotatik 68 dagozkie. Hala ere, 2014ko datuekin alderatuz gero, enpresa handiak izan dira hazkunderik handiena izan dutenak (+%7,9). 100-250 langile bitartean dituztenek %7,4 gehiago saldu dute, 50-99 soldatapeko dituzten enpresak %6,3 gehiago, 25 eta 49 artean dituztenen salmentak %5,7 igo dira eta, txikienen kasuan (25 langile baino gutxiago dituztenak), salmentek %4,5 egin dute behera. Salmenten helmugari buruz, enpresa handienak dira nagusia esportazioen esparruan.