Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantzetako diputatuak azaldu duenez, enpresetan langileen parte-hartzea bultzatzeko dinamika horiek “Gipuzkoako enpresa ehuna sendotzeko eta Lurraldean errotzeko” estrategiaren barruan kokatzen dira.Ogasun eta Finantzetako departamentua prestatzen dabilen Foru Arauak atzerako eragina edukiko du eta 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko da.
Zehazki, “aldaketak eta hobekuntzak” iragarri dituzte Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ), langileen parte-hartzea bultzatzeko. Halaber, langileak enpresen erabaki estrategikoetan inplikatzea eta erabaki horiek hartzerakoan erantzukizun handiagoa edukitzea lortu nahi da.
Erabakiguneak lotu, enpresak sendotu eta deslokalizazioari aurre egin
Alde batetik, araudi aldaketarekin, pauso hori eman nahi duten soldatapekoei babesa eman nahi zaie. “Horrelako erabaki bat hartzea sekulako garrantzia duen apustua da pertsona baten bizitzan. Beraz, ematen zaion tratamendu fiskala ere garrantzi horren araberakoa ere izan behar da”, azaldu du Larrañagak. Foru Ogasunaren asmoa da “erabakiguneak lotzea, Lurraldeko enpresak sendotzea, eta enpresen deslokalizazioari aurre egitea”, diputatuak gaineratu duenez.
Prentsaurrekoan azaldu dutenez, Foru Aldundiak “bere makinaria guztia” martxan jarri du “suspertze ekonomikoari laguntzeko”. Horretarako tresna “nagusietako bat” fiskalitatea dela esan dute. Arlo horretan, “politika publiko zehatzak eta eraginkorrak” bultzatzen dabiltzala esan dute.