Cikautxo kooperatiba espezialista da kautxu eta plastikozko osagaien garapen eta ekoizpenean hainbat aplikaziotarako, eta Berriatuan du egoitza nagusia.
Errumaniako lantegia Cluj inguruan dago, herrialdeko ipar-mendebaldean, eta 150 langile izango ditu. Txekiar Errepublikan eta Eslovakian dituen instalazioekin batera, Europako erdi-ekialdean erantzungo die bezeroen eskakizunei. Errumanian, jariakinak eroateko produktuak fabrikatuko dira automobilgintzaren sektorerako, eta bezero nagusiak VW eta Renault izango dira.
Europan, Ameriketan eta Asian filialak
Errumaniako fabrika gehituta, Cikautxo taldeak 9 filial ditu. Berriatuko egoitza nagusian daude taldearen zerbitzu zentralak, aurten salmentetan 100 milioi euroren zifra errekorra lortu duen produkzioarekin; beste lau filial ekoizpen zentroak dira (Zaragoza, Txekiar Errepublika, Eslovakia eta Errumania); eta beste hirutan ekoizpena eta produktuaren garapena lantzen dute, Asiako (Txina eta India) eta Ipar Amerikako (Mexiko) merkatuen beharrak asetzeko. Horri guztiari Detroiten (AEB) duen ingeniaritzako bulegoa gehitu behar zaio.
Europari dagokionez, posizionamendu global horri esker, Cikautxok aurten 5 milioi euroko hazkundea lortu du egoitza nagusiaren salmenta zifran, eta Europa Ekialdean ere hazkunde sendoa izaten ari da, Errumaniako lantegi berriaren eraikuntza eta martxan jartzeak erakusten duenez.