Aretxabaletak geroago eta tarte txikiagoa du partiduetan barkatzeko, eta geratzen diren 12 jardunaldietatik, Ibarran jokatuko duten partidu bakoitza –guztira zazpi– finaltzat hartu beharko dute, nahiz eta oraingo domekan moduan, bisitari datorren taldea kategoriako liderra izan.
Zamudio denboraldiko momenturik onenean da, azken bost partiduak irabazita, eta Aretxabaletaren etxeko zenbakiak ez dira onak –garaipen bakarra–, baina egoera horri buelta ematen saiatu beharko dira Valleren eta Barkeroren mutilak (16:30, Ibarra).
Aloña Mendik ere etxean
Oñatiko taldeak etxean jokatuko du bigarren astez jarraian, baina domekan (16:30) joan den astekoa baino kontrario gogorragoa izango dute, eurak baino puntu bat gehiago duen Hernani. Martuteneri emandako errepasoak, baina, morala igoko zien (4-0).
Bergarak, domekan
Erregional preferente mailan, Bergara jada laugarren postuan da, azken hiru partiduak irabazi eta gero. Domekan jaitsiera postuetatik urruntzeko borrokan dabilen Zumaiakoren kontra jokatuko dute (16:30).
Kategoria berean, Antzuolak eta Aretxabaletak ere etxean jokatuko dute. Antzuolarrek beheko postuetan kontrario zuzena den Ilintxa izango dute aurrean (16:30, Estala), eta Aretxabaletak Beasainen kontra jokatuko du bihar (18:00). Mondrak, azkenik, bigarren postuagatik borrokatzen jarraitu beharko du, oraingoan Soraluzen (zapatua, 17:00).