Leintz bailaratik joandakoak
Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagatik Jaengo espetxera joan dira, 70 lagun inguru. Bertan dago preso Premin Sampedro arrasatearra. Bertan izandakoek azaldu dutenez, 100 guardia zibil inguru zituzten "zain". Horrez gain, ultraeskuindar talde bat ere izan dute parean, euren aurkako garraixiak eginez eta "Cara al sol modukoak" abestuz, "agur fascista" eginez. Ordutik gora egin dute han Debagoienetik joandakoek: ekitaldia egin dute, eta Eusko gudariak abestuz amaitu.
Aramaioarrak eta oñatiarrak
Aramaioarrak eta Oñatiarrak Topasera, Salamancara, joan dira, 60 lagun inguru. Guardia Zibilak ez die espetxera nahi beste gerturatzen utzi. Xabier Ugarte preso oñatiarraren alabak bisita egiten zuen bitartean, inguruko soro batera joan dira gainerakoak, eta han egin dute ekitaldia. Ondoren inguruko muino batera igo –Guardi Zibilak identifikatu egin ditu martxako kideak– eta handik ikusi ahal izan dute presoek sumatu dituztela espetxe barrutik.
Bergararrak
Bergaratik Algecirasera 20 lagun inguru joan dira. Arratiako beste talde bat ere batu zaie. Bidetan autobusak matxura izan eta aldatu egin behar izan dute ibilgailua. Eguerdirako heldu dira kartzelara. Guardia Zibila eta Polizia Nazionala zeuden espetxe atarian. Ekitaldia egin dute, eta eurekin batera izan dira SAT sindikatu andaluziarreko hainbat kide; haiek ere hartu dute hitza. Algecirasko kartzelan Joxe Migel Gaztelu bergararra dago preso.
Antzuolatik eta Elgetatik
Antzuolatik eta Elgetatik Herrera de la Manchara egin dute martxa. Joseba Erostegi, Eltzikorta, antzuolarra dago bertan preso. 40 lagun joan dira, eta senideek presoari bisita egin eta gero hasi dute ekitaldia. Espetxeko funtzionarioei idatzi bat ere eman diete, han zergatik zeuden azaltzen zuena.