"Euskadiko Txapelketan aurrean ibiltzen gara, baina kanpoan maila handia dago"

Xabier Urtzelai 2016ko ots. 18a, 16:59
Oxel –eskuman– eta Hodei –ezkerrean– Vazquez aretxabaletarrak, aste barruan Ibarran entrenatzen.

Euskadiko Txapelketatik sudurra hautsita etorri da Oxel Vazquez, bi anaietan gazteena. Baina horrek ez dio eragotziko hilabete barru Guadalajaran lehiatzeko: debuta egingo du Espainiakoan, eta ez du aukera hori galdu gura. Edozein kiroletan moduan, karatean ere lesioak izaten dira; eta, borroka artea izanda ere, hain zuzen, tatamitik kanpora borroka azken aukera izaten dute. 

Zelakoa izaten da txapelketa osteko astea? Lasaiagoa?

Odei Vazquez: Berez bai, baina aste gutxi barru izango dugu Espainiako Txapelketa, eta ezin gara erlaxatu, lanean jarraitu beharra dago.

Oxel, uste dut zuretako berria izango dela selekzioarekin lehiatzea.

Oxel Vazquez: Bai, lehenengo aldiz deitu didate, eta gogo handiz nago. Berez, atseden hartu beharko nuke, baina ez dut aukera hori galduko.

Zer dela-eta karatea?

Oxel Vazquez: Txikitatik horixe ikusi dugulako. Aitak –Odilo Vazquez– sartu zigun karatearen harra barrura, eta anaiari eta bioi gustatu egin zitzaigun. Bost urte nituela hasi nintzen honetan. 

Horrenbestez, ez da etxeko telebistako urrutiko kontrolagatik borrokan ibiltzen zinetelako. 

Odei Vazquez: Horregatik ere bai [Barre].

Zer moduz joan da Euskadiko Txapelketa? Zilarreko dominarekin bueltatu zarete biak [Odei 67 kilotik beherakoetan; Oxel 60 kilotan].

Odei Vazquez: Ondo; Euskadiko Txapelketan beti gura izaten dugu irabazi, baina, oraingoan, finaleko borrokaldian kontrarioa ni baino gehiago izan zen. Hauspoa falta izan zitzaidan, ez nintzen kontrarioa bezain kontzentratuta egon, eta, azken batean, nik baino borrokaldi hobea egin zuen.

Eta zuk, Oxel?

Oxel Vazquez: Ni nahiko gustura geratu nintzen. Zail nuen urrea irabaztea, kontrarioa adinez dezente nagusiagoa delako, eta esperientzia handiko karateka da. Espainiako Txapelketan ere emaitza onak egin izan ditu. Hura ere hobea izan zen.

Eta zer espero duzue Espainiako Txapelketatik?

Odei Vazquez: Bada, txukun jardutea, baina oso garbi daukagu Espainiakoan maila oso oneko karatekak egoten direla, eta zailagoa dela. Madrilen batzen da jende onena, nahiz eta azkenaldian Errioxan oso lan ona egiten dabiltzan.

Oxel Vazquez: Niretako, esperientzia berria izango da, eta ondo pasatzeko eta ikasteko asmoz noa, ez daukat helburu zorrotzagorik. Bueno, eta posible bada, lehenengo kanporaketa gainditzea [Barre].

Zer dauka karateak?

Oxel Vazquez: Oso kirol jarduera aproposa da estresak eta halakoak alde batera uzteko, eta, gainera, entrenamenduetan oso ondo pasatzen dut. Uste dut gazteendako oso gomendagarria dela. 

Badu diziplinatik, errespetutik...

Oxel Vazquez: Bai, borroka artea da, baina kalean arazoren bat izanez gero, borroka azken aukera da. Gertaera desatsegin baten aurrean egoera lasaitasunez hartzen laguntzen du, eta borroka zelan saihestu ikasten da.

Anaiak izanda, zuen artean baduzue lehiarik?

Odei Vazquez: Bai; handia, gainera [Barre].

Oxel Vazquez: Halaxe da, bai [Barre]. Gertatzen dena da anaia nagusiagoa dela, eta ni baino handiagoa, eta halakoetan, normalean, berak irabazten du.

Odei Vazquez: Ez pentsa, txapelketa batzuetan senior mailan ez da bereizketa pisuaren arabera egiten, eta elkarren kontra egin ditugun azken bi borrokaldietan galdu egin dut; horrenbestez... 

Aipatu Vazquez anaiekin bateraKarlos Sanchez arrasatearra hirugarren izan zela 84 kilo azpiko kategorian, Alex Elortondo aretxabaletarrak katatan urrea jantzi zuela, eta Oñatiko Oier Alberdik brontzea irabazi zuela 84 urtez azpikoen mailan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak