Bi erakundeek “indartu egin dute euskal ETE-ekin duten konpromisoa”, Laboral Kutxaren esanetan.
Akordioa gaur, eguena, sinatu dute Laboral Kutxaren Enpresen Areako zuzendari Josu Arraizak eta Elkargiko zuzendari nagusi Marco Pinedak.
Hitzarmenaren arabera, Elkargiren bermea duten eragiketek honako finantza-baldintza hauek izango dituzte: 6 hilabeterako Euriborra gehi %1eko interes-tasa eta edozein inbertsio mota izatea baldintza horien xede.
Josu Arraizaren hitzetan, “gaur sinatutako akordioaren bidez, Laboral Kutxak berretsi egin du enpresen segmentuan sartzeko helburu estrategikoa, eta horren lekuko dira 2015eko ekitaldian segmentu horretan lortutako emaitzak”. Izan ere, finantza-kooperatibaren 2015eko balantzea %1 hazi da inbertsiorako finantzaketaren saldo garbietan. Hazkunde hori ezohikoa da azken ekitaldietan, eta horretan zerikusia izan du mailegu eta leasing- eragiketen formalizazio berriek aurreko ekitaldiaren aldean izan duten %31ko igoerak.
Bi erakundeak prest agertu dira aurrera begira elkarlanean jarraitzeko, merkatuaren eskakizunei erantzungo dieten finantza-aukera eta -irtenbide berrien bila.
Marco Pinedak Elkargiren ekarpena azpimarratu du; bere hitzetan, horri esker, "enpresak merkatuko interes-tasarik lehiakorrenetan finantzatu ahal dira", eta, horrela, Elkargik "bete" egin du "enpresa ertain zein txikien eta autonomoen finantza-egitura eta -baldintzak etengabe hobetzeko helburua”.
Hala, gaur egun, bi erakundeek ia 160 milioi euroko zenbateko formalizatuta dute indarrean euskal produkzio-sareko 650etik gora enpresarekin.