Memoriaren zirrikituetatik musika

Mirari Altube 2016ko ots. 15a, 15:31
El Drogas eta (Des)Memoria Band Elgetan izango dira hilaren 27an

Memoriarekin eta ahanzturarekin egingo dute jolas El Drogas eta (Des)Memoria Bandek otsailaren 27rako Elgetan iragarrita duten kontzertuan. Sarrerak salgai daude.

Frankistek 1937ko apirilaren 24an hartu zuten Elgeta, eta beste urte batez izango dute hori gogoan. Ordura arte itxoin gabe, otsailean hasi gura dituzte ekitaldiok Elgetako Udalak eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteak, eta gonbidatu bereziarekin, gainera: El Drogas eta (Des)Memoria Band. “Ez da musika bakarrik, ikus-entzunezko ikuskizuna ere bada, eta guztia memoria historikoaren berreskurapena ardatz hartuta”, jakinarazi du Iraitz Lazkanok, Elgetako alkateak.

Proiektu pertsonala
Memoriarekin eta ahanzturarekin egingo dute jolas El Drogas eta (Des)Memoria Bandek, bai memoria kolektiboarekin, bai norbanakoarenarekin. Eta Sombras que la luz grita kontzertu berezia dela iragarri dute: “Amak oparitu zidan Dulce Chacon idazlearen La voz dormida, eta hark ekarri zuen gero La tierra está sorda diskoa. Ondoren, Alzheimer etorri zen, amari gaixotasun hori diagnostikatu ziotenean. Hortaz, oso proiektu pertsonala da”, argitu du El Drogasek. La tierra está sorda diskoko hamahiru kanta eta Alzheimer-eko lau dakartzate.

Madrilen, Etxarri Aranatzen eta Iruñean kontzertuak eman ondoren datoz Elgetara; proiektu honekin hasi berri dira, eta Flako Txarrena, Txus Maravi eta Brigi Duke izango ditu lagun Txantreako musikariak. “Proiektu honetan ezinbestekoak dira, bai bertsioak moldatzeko orduan, bai zuzenekoetan; hortaz, haiek gabe ez du zentzurik”. Kontzerturako sarrerarekin, gainera, lau abestirekin osatutako EPa oparituko dute. Egiten dabiltzan birarako lau EP gertatu dituzte, eta Elgetan hirugarrena banatuko dute.

Ezjakintasuna
Gerra zibilaren gainean dagoen ezjakintasuna onartu beharko genukeela uste du musikari ezagunak: “Hori onartuta, has gaitezen argibide eske. Eta behin irizpide bat izanda, exiji dezagun errealitatetik gertuago dagoen gure historia berridaztea. Izan ere, Francok eta haren hiltzaileek borroka zibila irabazi zuten, eta begiratu besterik ez dago oraindik ere han eta hemen zenbat faxista agertzen diren… Bitartean, gainerakook ergelkeriaz mozkortuta gaude eta txiza egiten digute begi barrura”.

Emakumeak
Abesti bereziak asko dira La tierra está sorda diskoan, eta horietako bat da Matilde Landa komunistari eskainitakoa. “Milaka eta milaka Matilde egon ziren; irakur ditzagun haien biografiak, eta defendatzen ikasi. Hasteko, hor daude gure amak eta amamak. Entzun ditzagun haien istorioak”, aldarrikatu du, eta gaineratu: “Abesti gehienak emakumeei eskaini dizkiegu; gure emakumeei. Horiek isilarazten saiatu izana esku artean leher dakien orain. Zapalduak izan ziren, bortizki, gainera, eta gutxietsiak. Elizak zeresan handia izan zuen hor”. Gerra ostean ere lan handia egin zuten emakumeok, eta erabat ahaztuak izan direla dio: “Denetik egin izan dute, ezer jaso gabe trukean. Eta orain ere pentsio duinik gabe jarraitzen dute”. Hain zuzen, alzheimer gaixotasuna dutenen zaintzaile asko emakumeak dira, eta horiek ere gogoan dituzte.

Letrak arima
(Des)Memoria Bandeekin batera abian jarritako proiektu honetan letrak dira arima, betiere, instrumentuen babesarekin: “Indarra dago letren eta musikaren arteko bategite horretan. Gitarrak ematen dio azken ukitua oinarri sendo bati, baina oinarririk gabe dantzan egingo luke guztiak”, dio El Drogasek. Eta badaki Elgetan, Gerra Zibilaren hainbat borrokaldiren testigu, abesti batzuk oso bereziak izango direla.

Sarrerak salgai dadue Espaloian, Bergarako Pol Pol tabernan eta www.ticketea.com atarian. Prezioa: 17 euro, aurrez 14 euro. Aretoko ateak 21:30ean zabalduko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak