22 punturekin Hirugarren Mailako sailkapeneko azkenaurreko jarraitzen du UDAk, Vitoriaren kontra 0-1 galdu ondoren. Arabako taldea Eibarren harrobiko taldea da, eta partidako zenbait unetan, gazteen kalitatea sufritu behar izan dute UDAkoek. Harmaila, beste behin ere, beteta egon da, eguraldi kaskarra izan arren.
Lehenengo zatian ia ez dute aukerarik eduki bi taldeek. Aretxabaletakoak ez dira fin ibili erasoan, eta Vitoriak izan duen aukera bakarra gauzatu egin du, bigarren zatian. Josuk neurketa berdintzeko abagune ederra izan du, baina buruz burukoa atezainak irabazi dio.
Partidako azkeneko minutuetan UDA erasoan bete-betean murgildu da, baina Gorka Valleren mutilek ez dute aurrealdean asmatu. Azkenean, hiru puntuak Ibarratik eraman ditu CD Vitoriak.
Real Union-Aloña Mendi (2-0)
Oñatiko taldea porrotarekin itzuli da Irunetik. Lehenengo zatia oso parekatua eta lehiatua izan da, eta atsedenaldira 0-0ekoarekin joan dira bi taldeak. Bigarren zatian Aloña Mendik borrokatzen jarraitu du, baina 10. minutuan epaileak Real Unionek aldeko penaltia adierazi du, Oñatiko taldeko jokalari batek baloia eskuarekin jo ostean. 1-0ekoarekin, oñatiarrek izan dituzte aukera argienak, baina ezin izan dute baloia sareetara bidali. 2-0ekoa falta jaurtiketa zuzenean lortu du etxeko taldeak.
Igor Serrano teknikaria bere mutilekin pozik azaldu da, punturik eskuratu ez arren: "Asko gustatu zait egin dugun partida. Borrokatu dugu, eta gainera eguraldiak ez du lagundu, haizeak gogor jo duelako. Ez dut inoiz epaileen lanaren inguruan hitzik esaten, baina gaur erabat baldintzatu du neurketa. Haserre nago epailearen erabakiarekin, baina onartu behar da. Guri esku hori ez digute adierazi beste norgehiagoka askotan".