Zubikoan jokatutako partiduak Iturripen jokatu zenaren ezaugarri antzekoak izan zituen. Oñatiko lehen zatia oso parekatua izan zen, Arrasaten bezala. Bi taldeak gogor lehiatu ziren. Biek ala biek izan zituzten abantailak markagailuan. Gehienez ere bi golekoa izan zen etxekoen alde: 10-8, 23. minutuan. Abantaila horrekin, lau jokalarirekin geratu zen Aloña Mendi eta arrasatearrek banakako defentsa egin zioten Andoni Bernali. Hala, 11-12 aurreratu ziren 26. minutuan. Bada, harmailetako zaleen animuekin eta Ford Mugarri jokalari bat gutxiagorekin zegoela aprobetxatuz, Aloñak lehia berdindu egin zuen eta gol bateko errentarekin joan zen aldagelara: 13-12.
Esperientziaren oinarria
Izarraitz Aloña Mendi martxa bat gutxiagorekin irten zen bigarren zatian. Baloiak galtzen hasi zen, erasoan eta defentsan, eta jaurtiketatan ere ez zuen asmatzen. Ford Mugarriko atezain Iñigo Salterainek geldiketa bikainak egin zituen.
Aloñak, 17-19ko desabantaila zuela, banakako defentsa egin zion arrasatearren erasoan agintaritza zuen Josu Herrerori. Defentsa horri esker apur bat hurbildu ziren oñatiarrak markagailuan , eta lehia berdintzeko eta gol bakar batera ipintzeko aukera izan zuten. Baina, une horietan, arrasatearren esperientzia gailendu zen. Aloñako jokalariek ez zituzten jaurtiketa egokiak aukeratu eta lehiari buelta emateko aukera guztiak galdu zituzten.
Ford Mugarri 21-26 aurreratu zenean, defentsako lerroa zelai erdiraino aurreratu zituen Aloña, baloiak lapurtzeko asmoarekin. Baina, zuloak ederki topatu zituzten arrasatearrek. Batez ere, Unai Rodriguezek. Hiru gol sartu zituen lehia erabakitza uzteko.